Ingurumeneko Grenelle Foroaren (Frantziako eraikuntza- eta etxebizitza-industriako foroa) balantze-dokumentua aurkeztu du Frantziako Ekologia, Garapen Jasangarri, Garraio eta Etxebizitzako ministroak.
Frantzian energia gehiena kontsumitzen duen sektore ekonomikoa da eraikuntza: azken energiaren guztizko kontsumoaren % 40 baino gehiago eta berotegi-efektuko gasen emisioen ia laurdena hari dagozkio. Azken urteotan, sektoreak aurrekaririk gabeko transformazioa egin du ingurumeneko Grenelle helburuen aplikazioan.
2020ra arteko lan-plan bat ezarri da, eta Grenelle eraikuntza-planaren bitartez koordinatu da. Helburu hauetarako politika publikoak prestatzearekin eta gauzatzearekin lotutako alderdi guztiak jasotzen ditu:
- “Energia gutxiko eraikinen” (frantsesezko siglak: BBC) eraikuntza orokortzea 2013ko urtarrilaren 1erako, eta “energia positiboko eraikinena” 2020rako.
- Lehendik dauden eraikinen energia-kontsumoa gutxienez % 38 murriztea 2020rako. 2013tik aurrera urtean 400.000 etxebizitza berritzea da helburua.
- Etxebizitza publiko guztiak berritzea, eta, hemendik 2020ra bitartean, energia-kontsumo handiena duten etxeetako 800.000n obrak egitea.
- Estatuaren eta erakunde publikoen eraikinak berritzen hastea, 8 urtean energia-kontsumoa % 40 eta berotegi-efektuko gasen emisioak % 50 murrizteko.
- Laguntza-profesionalak eta industriako profesionalak mobilizatzea, cluster industrialen kontratazioko, trebakuntzako, gaitzeko eta garapeneko erronkak gainditzeko.
Eraikuntza berriaren alorrean, 2012ko erregelamendu termikoak (RT 2012) energia-kontsumoa oraingoaren herena izatea aurreikusten du. Jauzi hori azken 30 urteotan egindako mundu mailako aurrerapenek eragin dutena baino handiagoa da. Arau horren ezarpenari aurrea hartu zaio neurri handi batean; izan ere, 2011n, ia 190.000 etxek eta zerbitzuen sektoreko 2,6 milioi m2-k baino gehiagok egokitu egin behar izan dute BBCren ziurtapena lortzeko. 2007an, berriz, 1.000 etxek soilik egin zuten hori.
Lehendik eginda dauden eraikinei dagokienez, inoiz baino birgaitze-lan gehiago egin dira, garapen jasangarrirako eskainitako kenkariei (eco-PTZ) eta etxebizitza ekologikorako maileguei esker (eco-PLS). Erregai-eskasiaren aurka egiteko, Etxebizitza Agentzia Nazionalak (Anah) kudeatzen duen “Hobeto bizi” programak beren etxeetan hobekuntza txikiak egiteko finantziazioa emango die 300.000 etxebizitzaren jabeei hemendik 2017ra bitartean. Programa horren lehen lorpenekin, % 40ko energia-aurrezpena lortuko da etxeetan.
Bestalde, 2011ko urtarrilaren 1az geroztik, nahitaezkoa da higiezinen iragarkietan etxebizitzaren energia-eraginkortasunaren hobekuntzak azaltzea. Energia-eraginkortasunaren ebaluazioa (frantsesezko siglak: DPE) garrantzitsua da erosteko edo alokatzeko etxebizitzak hautatzeko garaian.
Azkenik, energia-eraginkortasuneko enpresentzako eta artisauentzako programa (frantsesezko siglak: FEEBAT) 40.000 bat profesionalek bete dute.
Eraikuntzak Frantziako energia-kontsumo osoan duen pisuak ehuneko puntu bat behera egin du urtez urte; 2007an, % 43 zen, eta, 2010ean, berriz, % 40. Proiektu garrantzitsu honek lanpostuak sortzen ditu berrikuntzaren sektorean, eta Frantziaren eraikuntza-sektoreko bikaintasuna indartzen du. 2020ra arte egongo da martxan. Pixkanaka, etxeetako energia-fakturek behera egingo dute, eta Frantziaren independentzia energetikoa sustatuko da.
Iturria: Frantziako Gobernua , 2012/03/28