Elektrizitatea sortzen duten leiho tindatuak

Heliatek eguzki-panelak

Alemaniako enpresa batek OLED pantailen material eta fabrikazio-prozesu berak erabiltzen ditu eguzki-panel mota berri bat egiteko.

Alemaniako enpresa gazte batek eguzki-panel mota berri bat egin du: poliesterrezko geruzatan sartutako molekula organiko txikiz egina dago. Teknologia hori telefonoen eta pantaila lauko telebisten OLED pantailetan erabiltzen denaren antzekoa da. Panelak malguak dira, eta ohiko eguzki-panelak baino askoz arinagoak. Hala ere, leku batzuetan, bereziki ingurune bero eta hodeitsuetan, ohiko eguzki-panelek adina elektrizitate sor dezakete.

Heliatek Kanpoko esteka konpainiak Dresdenen du egoitza; Bosch, BASF eta beste erakunde batzuek finantzatzen dute, eta 28 milioi euro bildu ditu orain artean. Konpainia berriki hasi da panel horiek fabrikatzen, kontzeptua probatzeko ekoizpen-lerro txiki batean; beste 60 milioi euro biltzea espero du, eta diru horren zati bat 75 megawatteko fabrika bat eraikitzeko erabiliko da. Zenbateko hori nahiko txikia da eguzki-panelen fabrika baterako. “Hain eskala txikian, Heliatek konpainiaren panelen kostua eguzki-panel konbentzionalena baino garestiagoa izango da watt bakoitzeko”, dio zuzendari orokor Thibaud de Séguillonek. “Hala ere, hemendik lauzpabost urtera, Heliatek konpainiak eskala handiko produkzioa izan beharko luke, eta kostua 40-50 dolar-zentabo (30 eta 38 euro-zentimo) merka liteke watteko, eta, hala, eguzki-panel konbentzionalak baino lehiakorragoak izango dira”, erantsi du Séguillonek.

Bien bitartean, bere eguzki-panelak garestiago saltzeko modua aurkitu beharko du Heliatekek, hedatzea finantzatzeko. Beren panelen ezohiko abantailak (pisu arina eta malgutasuna) baliatuko dituzten produktuak saltzea da asmoa; adibidez, beren eguzki-panelak hormigoizko fatxadetarako bloketan txertatzeko lanean ari dira eraikuntza-materialen enpresa batekin. Kasu horretan, hormigoiz beteko lirateke blokeak, eta fatxadaren zati izango lirateke panelak.

Heliatek konpainia beste fabrikatzaile batzuekin ere ari da lanean, panelak leihoetan txertatzeko; panel horiek erdigardenak izan daitezke. “Leiho tindatuak izatearen modukoa da, baina hauek elektrizitatea sorten dute”, dio Séguillonek.

Eraikitzaileak prest egon litezke eguzki-panelengatik aparteko prima bat ordaintzeko, eraikin batean txertatzeko merkeagoak direlako. Adibidez, ez lukete panelak sabaian finkatzeko behar den materiala erosi beharrik izango. “Europako araudi ugarik laster eskatuko dute eraikinek kontsumitzen duten adina elektrizitate ekoiztea, eta horrek eraikitzaileak anima ditzake leiho eta fatxadetan eguzki-panelak jartzera”, dio Séguillonek.

Heliatek konpainiaren berrikuntza garrantzitsuenak eguzki-zeluletako material aktiboak eta zelula horiek ekoizteko prozesua dira. Badira hamarkada batzuk eguzki-zelula organikoak ditugunetik. Ideiaren oinarria da molekula organiko batzuk (eskuarki polimero luze jakin batzuk) oso merke inprima daitezkeela, eta hala, oso kostu txikiko eguzki-zelulak sortzen dira. Baina zelula horiek erakutsi dute ez direla eraginkorrak, eta nahiko balio-bizitza laburrak izan dituzte; horrenbestez, aplikazio espezifikoetan soilik erabiltzen dira.

Erresuma Batuko enpresa baten eguzki-leihoak 2013an irits litezke merkatura Kanpoko esteka Eraikaleko berrian azaltzen denez, Oxford Photovoltaics enpresak, 2010aren amaieran Oxfordeko Unibertsitatetik sortu zenak, bere teknologia watteko 35 dolar-zentimotan jarri nahi du (Heliateken helburua baino prezio merkeagoa da hori), eta 2013aren bigarren erdian merkaturatzeko asmoa du. Berri honetan, eguzki-leihoei buruzko beste zenbait berri ere aipatzen dira: Schüco ProSol TF+, energia sortzen duten leihoak eta fatxadak; Eguzki-leihoa. Autohornikuntzarako soluzioak. Berri honetan, solarwindows-i eta pytagoras solar-i buruz hitz egiten da, besteak beste; eta Ávilako Onyx Solar enpresaren beira fotovoltaikoaz.

Iturria: Technology Review Kanpoko esteka, 2012/04/18

VN:F [1.9.20_1166]
Rating: 0.0/5 (0 votes cast)
Compartir/Konpartitu:
  • Print
  • Digg
  • StumbleUpon
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Yahoo! Buzz
  • Twitter
  • Google Bookmarks
  • LinkedIn
  • RSS
This entry was posted in Produktu berriak and tagged , , , , . Bookmark the permalink.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *