Berrikuntza normalizatu daiteke eraikuntza-sektorean, baldin eta prozesu bat bada. Hauek izan daitezke prozesu hori gidatzen duten etapak:
- Berritzeko beharra eta aukera identifikatzea: plangintzan eraikuntza-metodoak aztertuz gero, proiektuarekin eta antolakuntzarekin lotutako helburuak lortzen lagundu dezaketen aukera edo ideia berritzaileak identifika daitezke; etapa horretan, eragin handia dute hauek: proiektuaren irismena, konplexutasuna eta zailtasuna, merkatuaren eskaera, gaitasuna, negozio-aukerak, legeak, teknologia berrietarako sarbidea eta abar.
- Obran berrikuntza-proiektuak hautatzea: erakundeak espero dituen helburu, irabazi edo abantailen mende, berrikuntzak beste proiektu batzuetara transferitzeko aukeraren mende eta abarren mende dago berrikuntza-proiektuei buruzko erabakia. Berrikuntza-aukerak ebaluatzean, proiektuaren eta enpresaren helburu guztiak hartu behar dira kontuan.
- Obran berrikuntza-proiektua garatzea: aurrerapen teknologiko bat edo antolamenduko aurrerapen bat txertatzeko, erakunde osoaren, berrikuntza garatzen duen taldearen eta obra-taldearen konpromisoa behar da. Enpresak giza baliabideak eta baliabide materialak esleitu behar ditu berrikuntza-proiektua gauzatzeko. Etapa hori funtsezkoa da, hor doitu behar baita planifikatutakoa obraren errealitatearekin.
- Ebaluazioa: taldeak eta erakundeak berrikuntza-proiektuaren helburuak betetzen direla ebaluatu behar dute. Berrikuntza-proiektuaren etapa guztiak eta horrekin erlazionatutako alderdi guztiak hartu behar dira kontuan.
- Etorkizuneko proiektuetara transferitzea: lortutako emaitzak ustiatzeko, beste obra batzuetara ongi transferitu behar da berrikuntza. Hau da, berrikuntza-prozesua amaitzeko, prozesua ikasi, kodetu eta etorkizuneko proiektuetan aplikatu behar da.
Artikuluan UNE 166000 Araua aipatzen da. Eraikalen, etxebizitzen eraikuntzako sektoreko enpresentzako berrikuntzaren kudeaketaren gida garatu zen , arau horretan oinarrituta.
Artikuluaren egilea Víctor Yepes Piqueras da, Valentziako Unibertsitate Politeknikoko Eraikuntza Ingeniaritzako irakaslea eta Hormigoiaren Ingeniaritza Masterreko Zuzendari Akademikoa. Eraikalen autore honen beste artikulu bat jaso da: ISO 10006 araua, proiektuen kudeaketaren kalitaterako jarraibideei buruzkoa .
Iturria: Valentziako Unibertsitate Politeknikoa, Victor Yepesen bloga , 2012/05/23