Kutsatzaileak erauzi dituzte hormigoian nanopartikulez egindako estalduren bidez

Ecofotomat Kanpoko esteka proiektuaren azken emaitza dira estaldura horiek. Proiektuan, Nafarroako Unibertsitate Publikoak (UPNA), Lurederra Zentro Teknologikoak eta Obras y Servicios Tex SL eraikuntza-enpresak parte hartu dute.

Nanopartikuletan oinarritutako estaldura bat garatu dute, eraikuntza-materialetan erabiltzeko aproposa dena. Nanopartikula horiek, eguzki-argiarekiko interakzioan, erreakzio kimiko bat sortzen dute, eta, hari esker, aireko agente kutsatzaileak erauzten dira. Zenbatetsi denez, atmosferatik nitrogeno oxidoen % 90, hidrokarburoen % 80 eta karbono monoxidoen % 75 erauz dezake estaldurak.

Javier Goicoechea ikertzaileak azaldu duenez, estaldurek “efektu fotokatalitikoa duten nanopartikula berezi batzuk dituzte; nanopartikulek argiarekin erreakzionatzen dute, eta erreakzio kimikoen kate bat abiarazten da, eta, horren bidez, airea garbitu eta zikinkeria kentzen da”. Proiektu horretan, hormigoia erabili da oinarrizko eraikuntza-material gisa.

Lurederrak nanopartikulak sortu eta moldatzen ditu estalduretan txertatu ahal izateko; TEX enpresak, berriz, hormigoia eta eraikuntza-materialaren zehaztapen teknikoak ematen ditu. Izan ere, merkaturatu daitekeen produktu bat lortzea da proiektuaren azken helburua: “badaude estaldura-mota hori duten zeramikak, baina, oraingo honetan, hormigoiarekin eta disoluzio likidoekin ari gara lanean, azken estaldura margo baten ahalik eta antzekoena izatea nahi baita. Obran aplikatzeko modukoa izan behar du estaldurak, kostu handiegirik ez du izan behar, eta aire zabalean jartzeko behar adinako iraute-gaitasunaa izan behar du”.

Goicoechearen ustetan, “ezaugarri onenetako bat da estaldura oso meheak direla, mikra bat baino gutxiagokoak (metro baten milioirena), eta oso ongi egokitzen direla materialaren profilera. Adibidez, hormigoia oso porotsua da, eta, estaldura horri esker, gainazal porotsu osoa aktibatu egingo litzateke eguzki-argia jasotzean”. Gainera, estaldura gai da gainazalari atxikitzen zaizkion zenbait gai kimiko degradatzeko, eta, hala, zaildu egiten du bakterioak, onddoak eta antzekoak bertan ugaltzea.

Iraunkortasunari dagokionez, estaldura material inorganikoz osatua dago. Ikertzaileak azaldu duenez, “kasu honetan estalduran ez dago bakterioen kontrako agenterik. Haiek apurka-apurka askatzen dira, eta, une batean, agortu egiten dira, eta handik aurrera ez dute gehiago funtzionatzen. Material berriak ezaugarri intrintseko hau du: eguzki-argia jasotzean, erradikal askeak sortzen ditu gainazalean, eta erradikal horiek aireko kutsatzaileei eraso egiten diete, zehazki, nitrogeno monoxido eta oxidoei. Orain, nanopartikula horiek gainazalean gerarazteko besteko matrize gogor eta iraunkorra sortzea lortu behar dugu, eta estaldurak hormigoiaren gainean irautea; eta, hori guztia, arrazoizko kostuarekin”.

Gasen gutxitzea neurtzeko laborategirik ez dutenez, proba estandarizatu bat egin dute: tinta urdinxka bat eman dute estaldura duen hormigoiaren gainazalean. “Hormigoia argitan jartzen denean, ikusten da estaldurarekin tratatutako eremuan tinta suntsitu egiten dela eta gainerakoan aldaketarik gabe geratzen dela. Tinta degradatzen den moduari erreparatuz, ikus dezakegu estaldurak nola jokatzen duen eta nola degradatzen dituen bai airean bai hormigoian bertan atxikita dauden kutsatzaileak.

Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak eta Eskualdeko Garapenerako Europako Funtsak zati batean finantzatu dute Ecofotomat, eta 2013ko ekainean amaitzen da gauzatze-epea. Proiektua INNPACTO programaren barruan dago; Ministerioak sustatutako programa bat da hori, eta ikerketa-erakundeen eta enpresen artean lankidetzan proiektuak sortzea bultzatzeko helburua du. Zehazki, lortu nahi da I+Gko proiektuak elkarrekin egitea, jarduera berritzailea sustatzen laguntzeko, inbertsio pribatua jasotzeko eta lanpostuak sortzeko.

Eraikalen albiste honetako antzerako proiektuak deskribatu dira, Hormigoi berriak Kanpoko esteka eta Jarduera fotokatalitiko deskontaminatzaileko hormigoiak Kanpoko esteka berrietan, adibidez, halako hormigoi batzuk jasotzen dira.

Eraikalen, eraikuntzan nanomaterialen erabilerari Kanpoko esteka buruzko zenbait berri jaso dira.

Iturria: Ecoticias Kanpoko esteka, 2012/05/30

VN:F [1.9.20_1166]
Rating: 0.0/5 (0 votes cast)
Compartir/Konpartitu:
  • Print
  • Digg
  • StumbleUpon
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Yahoo! Buzz
  • Twitter
  • Google Bookmarks
  • LinkedIn
  • RSS
This entry was posted in I+D Proiektuak and tagged , , . Bookmark the permalink.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *