Txostena, ingelesez: «Argitzekoa: teilatu berde eta hotzek nola lagundu dezakete Kalifornia hegoaldean energia-kontsumoa gutxitzen, klima-aldaketari aurre egiten eta ur-baliabideak babesten?»

Dokumentuaren jatorrizko titulua: “Looking Up: How Green Roofs and Cool Roofs Can Reduce Energy Use, Address Climate Change, and Protect Water Resources in Southern California” Kanpoko esteka.

Kalifornia hegoaldean teilatu berdeak Kanpoko esteka eta teilatu hotzak Kanpoko esteka erabiliz gero, kontsumitzaileek 211 milioi dolar baino gehiago aurreztuko lituzkete energia-fakturetan, eta urtero errepideetatik 91.000 auto kentzearen baliokidea den emisio-kantitatea saihestuko litzateke, Natural Resources Defense Council-ek —NRDC (Baliabide naturalak babesteko batzordea)— eta UCLAko Zuzenbide Eskolako Ingurumen eta Klima Aldaketari buruzko Emmett Zentroak plazaratutako ikerketa berri baten arabera. Teilatu berdeak jartzeak, gainera, hondartzak poluitzen dituzten euri-uren jariatzea gutxituko luke.

“Kalifornia hegoaldeak jasangarritasun-desafioen multzo konplexu bati egin behar dio aurre, baina badaude irtenbideak” dio Noah Garrison-ek, NRDCren ur-programaren proiektu-abokatuak. “Teilatu berdeak eta teilatu hotzak gaur egun ezar daitezkeen irtenbideak dira. Teilatuaren gainazalean lehorteari aurre egiteko gai diren landareak jartzea edo teilatuak pintatzea (eguzki-energia islatu dezaten) bezalako irtenbide errazekin nabarmen murriztu daiteke erregai-fosilekiko mendekotasuna; gainera, teilatu berdeen kasuan, ibaietara eta hondartzetara heltzen den kontaminazio-kantitatea ere gutxitu daiteke.”

Txostenaren arabera, “Kalifornia hegoaldean dauden eraikuntzetatik (etxebizitzak, merkataritza-eraikuntzak, gobernukoak eta erabilera publikoa duten eraikuntzak) erdietan teilatu berdeak edo hotzak jarriko balira, urtean 1,6 milioi MW•h elektrizitate aurreztuko litzateke (Kaliforniako 127.000 etxe hornitzeko adina energia), eta biztanleek 211 milioi dolar aurreztuko lituzkete energia-kostuetan 2012ko tasen arabera. Gainera, energia-aurrezpenari esker, urtean 465.000 tona metriko karbono gutxiago emitituko litzateke.”

Teilatu berdeek euria xurgatu eta hura lurruntzen laguntzen dutenez, egun dauden teilatu guztien erdietan teilatu berdeak jarriko balira, urtean 36 mila milioi galoi euri-ur gutxiago isuriko litzateke —54.000 igerileku olinpiko betetzeko adina ur—, eta horrek nabarmen gutxituko luke tokiko uretara heltzen den kontaminazioaren bolumena.

“Onuren zenbatekoa benetan harrigarria da, eta eskualde horretan teilatu berdeak eta hotzak jartzeko behar diren politika eta laguntzen pizgarri handiagoak izatea justifikatzen du” esan zuen Cara Horowitz-ek, UCLAko Zuzenbide Eskolako Klima Aldaketari eta Ingurmenari buruzko Emmet Zentroaren barneko Andrew Sabin Familia Fundazioko zuzendari exekutiboak. “Los Angelesek eta Kalifornia hegoaldeko beste hiri batzuek etxebizitza- eta merkataritza-eraikuntzetan teilatu berdeak eta hotzak jartzeko haien jabeentzat pizgarri hobeak emango balituzte, auzoak osasuntsuagoak eta jasangarriagoak izango lirateke, eta, gainera, dirua aurreztuko lukete”.

Horrez gain, teilatu berde eta hotzek hiriko tenperaturak jaits ditzakete. Hirietan bero-uharteak sortzen dira, hau da, hiriaren inguruko lur ez urbanizatuetan edo landa-eremuan baino gainazaleko tenperatura eta airearen giro-tenperatura altuagoak dituzten eremuak bihurtzen dira. Hiri-eremuetako gainazal ilunek eta zolatuta daudenek beroa xurgatu eta inguruko eremuetara barreiatzen dute. Airearen tenperatura-igoera horren ondorioz, airearen kontaminazioa okerragotu egiten da, eta beroarekin erlazionatutako gaixotasunen kopurua handitu egiten da. Hiri-eremuetan teilatu berdeak eta hotzak jarrita, berriz, auzoak hoztu daitezke eta hiriguneetan tenperaturak jaitsi (3,5 ºF); horren bidez, airearen kalitatea hobetu egiten da eta giza osasunerako onurak handitzen dira.

“Teilatu berdeak eta hotzak zentzuzkoak dira Kalifornia hegoaldean —neguak epelak dira eta udak oso beroak—. Teilatu horien bidez, eraikinak eta hiri osoak izan ditzakegu fresko, energia aurreztu daiteke eta, bide batez, ur-baliabideak babestu” esan zuen Garrison-ek.

Teilatu berdeek lur-geruza mehe bat dute eta horren gainean landareak bizi dira. Landareek itzala, isolamendua eta lurrunaren bidezko hoztea ematen dute, estalkiaren gainazaleko tenperatura jaitsarazten dute, eta, gero, eraikinaren barneko tenperatura ere bai. Teilatu berde baten tenperatura inguruko airearena baino hotzagoa izan daiteke maiz; horrenbestez, energia gutxiago behar da eraikinaren barnealdea hozteko. Aldiz, ohiko teilatu ilun baten gainazaleko tenperatura inguruko airearena baino beroagoa izan daiteke (50 ºC edo gehiago egun bero eta eguzkitsu batean), eta beroaren zati handi bat eraikinaren barnera sartzen da. Hori dela eta, energia gehiago behar da eraikina hozteko.

Teilatu hotzek, berdeek bezala, material adimendunak erabiltzen dituzte energia eta tenperatura baxuagoen eskakizuna gutxitzeko. Teilatu hotzek material islatzaileak erabili ohi dituzte eta kolore argikoak dira askotan (baina ez beti); horri esker, ohiko teilatu ilunek baino eguzki-energia gehiago islatzen dute, eta, aldi berean, eraikin barneko beroa modu eraginkorragoan transmititzen da kanpora. Teilatu ilunekin alderatuz gero, teilatu hotz baten gainazaleko tenperatura 28-33 ºC hotzagoa izan daiteke egun bero eta eguzkitsu batean.

Eraikalen, gai hauei buruzko zenbait berri jaso dira:

Iturria: CleanTechnica Kanpoko esteka, 2012/06/15

VN:F [1.9.20_1166]
Rating: 0.0/5 (0 votes cast)
Compartir/Konpartitu:
  • Print
  • Digg
  • StumbleUpon
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Yahoo! Buzz
  • Twitter
  • Google Bookmarks
  • LinkedIn
  • RSS
This entry was posted in Dokumentuak, eraginkortasun energetikoa and tagged , . Bookmark the permalink.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *