Eraikin multzoak birgaitzeko jabekideen erkidegoei zuzendutako REVIVE programa onartu da (2012-07-17ko Kointseiluan hartutako erabakia)

Jaurlaritzaren Kontseiluak argi berdea eman dio etxebizitzak eta eraikinak birgaitzeko laguntza-programa arautzen duen (REVIVE programa) Aginduari, Euskal Autonomia Erkidegoan eraikita dagoen ondarean esku-hartzeko proiektuak egin eta horien ondoriozko obrak gauzatzeko. Guztira, 9,3 milioi euro bideratuko dira programa horretara. Laguntzak Jabekideen Erkidegoei zuzenduta daude, baita etxebizitzen sustatzaile publikoei ere, baldin eta jarduketen eremuan sartuta dauden etxebizitzen jabeak badira.

Proposatutako jarduketen helburua erabilera nagusia etxebizitzarena duten eraikinetako edo eraikin-multzoetako esku hartzeak izango dira, bloke edo etxaldeetan bilduta, 1980a aurretik eraikitakoak badira, hirigintzara moldatuta badaude eta egitura egokia badute.

Euskal hirietako eraikinek gabezia nabarmenak dituzte, eraikin horietan bizi den populazioaren kalteberatasuna azaleratzen laguntzen dutelarik.

Arriskuetariko bat da hirian bazterkeria-eremuak sortzea, baina ez bakarrik populazioaren sektore batzuk ezin dituztelako baliabideak eskuratu, baizik eta eraikinak dauden baldintzetan daudelako, bizigarritasunari, irisgarritasunari eta energia-efizientziari dagokionez.

Eraikita dagoen higiezinen multzoan esku hartzea halabeharrezko helburua da, Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialean eta Jaurlaritzako lau sailburuk eta Lehendakaritzako idazkari nagusiak joan den astean aurkeztutako Bultzatu 2025 Eraikingintza Iraunkorraren Planean finkatutako erronkekin bat egin, eta eraikinen birgaitze alorrean hartutako konpromisoak betetze aldera.

Planean zehazten den moduan, mantentze lanetatik haratago joan behar da eta eraikitako higiezinen jarduketa integralak bultzatu, higiezinen bizialdia luzatzeko, gaur egungo erosotasun eta kalitate betekizunetara egokitzeko, bizigarritasun eta irisgarritasunari dagokionez gutxieneko baldintzak betetzeko eta energia-kontsumoa murrizteko. Azken batean, bizilagunen bizi-kalitatearen eta gizarte-kohesioaren mesederako.

Hori guztia lortze aldera, Revive programa jarri da martxan.

Eraikitako ondarean esku hartzeko laguntza-programa honetara bildutako proiektuak eraikinen irisgarritasun– eta bizigarritasun-baldintzak hobetzeko eta energia-efizientzia hobetzeko izango dira. Jarduketetan jasangarritasun irizpideak jarraituko dira.

Jarraian zehaztutako jarduketak biltzen dituzten eskuhartze-proposamenak jaso ahal izango dituzte laguntzak:

a) Eraikinen inguratzailearen gaineko jarduketa –eskari termikoa gutxitzeko– eta ekoizpen termikoko instalazioen gaineko jarduketa –energia kontsumoa murrizteko-. Eraberritzea egin ondoren C motako energia ziurtapena lortzea izango litzateke helburua, urtarrilaren 19ko 47/2007 Errege Dekretuak zehaztutako prozeduraren arabera. Errege Dekretu horretan, oin berriko eraikinen energia-efizientziari buruzko ziurtapena lortzeko prozedura zehazten da, energia sortzeko iturri berriztagarriez baliatuta ahal den neurrian.

b) Airea behar bezala berrituta, barruko airearen kalitatea bermatuko duen aireztatze-sistema ezarri edota hobetu, oin berriko eraikinentzat Eraikingintzaren Kode Teknikoak (EKT) eskatutako gutxieneko parametroekin bat etorrita.

c) Eraikinen irisgarritasun-baldintzak hobetu, etxebizitza bakoitzera iristeko bide publikotik sarbidea izango dela bermatzeko, koskadun desnibelak saihesten ibili beharrik gabe, alegia.

d) Eraikitako perimetroa handitzeko jarduketak, bizigarritasun-baldintzetara egokitzea lortzeko.

e) Hartutako neurrien funtzionamendua eta eraginkortasuna egiaztatzeko sistemen monitorizazioa. Sistema horren bidez, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak urrutitik egin ahal izango ditu tele-irakurketa, kontsumoari eta ingurumen-baldintzei buruzko datuen bilketa eta ustiaketa.

Orain arte deskribatutako eremuetan ez baldin bada eskuhartzerik egin behar, betekizunak bermatuta daudelako, ez da atal horretako jarduketarik egin beharko, baina aurkeztutako dokumentazioan justifikatu egin beharko da.

Proiektuak idazteko, ordainsarien kostu garbiaren % 90 emango da gehienez ere.

Obrak gauzatzeko, diruz lagun daitezkeen jarduketen kontrataren aurrekontuaren %50 emango da gehienez ere.

Aipatutako portzentajeen batuketa esku-hartze proiektuaren aplikazio eremuan sartutako etxebizitzen kopurua 15.000 eurorekin biderkatuta ematen duen kopurua izango da gehienez ere.

Diru-laguntzak lehiaketa bidez esleituko dira, aurrekontu-kreditua agortu arte, eta hurrenkera honen arabera:

  1. Onartutako proposamenak eremuko jabekideek lortutako adostasunaren eta haiek ordezkatzen duten partaidetza-kuotaren arabera ordenatuko dira. Lehenengo, jabekideen eta partaidetza-kuoten %100en adostasuna duten proposamenak hautatuko dira, eta horrela jarraituko da modu korrelatiboan eta beheranzko hurrenkeran.
  2. Jabeen arteko adostasun portzentaje bera duten proposamenak badaude, hautaketan lehentasuna emango zaie onuradun gisa etxebizitza-kopuru handiena duten esku-hartze proposamenei.
  3. Adostasun eta etxebizitza-kopuruen parametroetan berdindutako proposamenak aurkeztuz gero, babestutako errentamenduko etxebizitza-kopurua handienari eragiten dioten jarduketak hautatuko dira, eta horrela jarraituko da modu korrelatiboan eta beheranzko hurrenkeran.
  4. Aurreko adostasun parametroetan (eremuko etxebizitza-kopurua eta babestutako errentamenduen kopurua) bat egiten duten proposamenak aurkeztuz gero, batez besteko diru-sarrera txikienak dituzten eskabideak hautatuko dira, eta horrela jarraituko da, modu korrelatiboan eta goranzko hurrenkeran.

Diruz lagundutako jarduketak amaituta egon beharko dute 2014ko abenduaren 31 baino lehen.

Berriaren iturrian, Euskadin etxebizitza-parkearen egungo egoeraren eta eraikuntza iraunkorraren aukeraren laburpenak irakur daitezke.

Iturria: Irekia Kanpoko esteka, 2012/07/17

VN:F [1.9.20_1166]
Rating: 0.0/5 (0 votes cast)
Compartir/Konpartitu:
  • Print
  • Digg
  • StumbleUpon
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Yahoo! Buzz
  • Twitter
  • Google Bookmarks
  • LinkedIn
  • RSS
This entry was posted in Programak eta deialdiak and tagged , , , . Bookmark the permalink.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *