Hezetasunagatiko hedapena adreiluetan eta zeramika-produktuetan

Irudia: adreiluaren hezetasuna. Argazkiaren egilea: Tamorlan; (http://commons.wikimedia.org) webgunean dago, CreativeCommons lizentziarekin.

Zeramika-adreiluen portaeratik gutxien ezagutzen den fenomenoetako bat hezetasunagatiko hedapena da. Zeramika-produktuek inguruko ura xurgatzeko duten gaitasunagatik gertatzen da hedapen hori, zeinak bolumena handitzea eragiten baitu. 5 mm/m-ko (milimetro, metro linealeko) batez besteko balioa hartzen du. Gertaera jazo ondoren, zeramika-materiala ez da jatorrizko neurrira itzultzen; beraz, atzeraezina da prozesua.

  • Berezko faktoreak: fabrikaziorako lehengaia eta egosketa-maila.
  • Kanpoko faktoreak: tenperatura eta giro-hezetasuna.

Fabrika bistako fatxadetan eta karga-horma batzuetan (gutxiagotan) eragiten duen patologia (pitzadura edo deformazioa) erraz nahas daiteke efektu termikoei, egitura-deformazioei eta zimendatze-akatsei lotutako arazoekin. Fabrikaren ezaugarrien eta haren mugimendua mugatuta dagoen guneen araberakoak izango dira pitzaduren ezaugarriak (normalean, pitzadura horizontalak edo bertikalak).

Fenomeno hori pixkanaka-pixkanaka gertatzen da, berez, hainbat urtez; hala ere, labetik atera eta lehenengo bizpahiru asteetan, hedadura osoaren % 25erainoko hedadura hartzen du adreiluak.

Hezetasunagatiko hedapenak ez die adreiluei bakarrik eragiten, eta zeramika-produktu guztiei gertatzen zaie: gangatilei, termobuztinei, zursareei, lauzei… Pieza zenbat eta handiagoa izan, orduan eta gehiago hedatzen du hezetasunak.

Hezetasunagatiko hedapena zehazteko, “Buztin egosiarekin egindako zeramika-produktuak. Hezetasunagatiko hedapenaren saiakuntza” izeneko UNE 67036:1999 arauan deskribatzen den metodoa erabiltzen da. Arau hori, ordea, beste asko bezala, saiakuntza-metodo bat da, eta ez digu ezer esaten onargarritzat har ditzakegun balioei buruz. Zeramika-gangatilei buruzko UNE 67.020 arauan bakarrik adierazten da 0,55 mm/m-ko muga-balioa; banaka, ez du gainditzen 0,65 mm/m-ko balioa.

Hedapen osoaren muga-balioa gainditzen duten gangatilak erabil daitezke, betiere hedapen potentzialaren batez besteko balioak 0,55 mm/m gainditzen ez badu. Hedapen potentzialaren balioa kasu batean bakarrik izango da baliozkoa: gangatilak obran jarri baino lehen egiten bada.

Beraz, hezetasunagatiko hedapena eta hedapen potentziala bereizi egin behar ditugu. Piezak, labetik ateratzen denetik, gehienez izan dezakeen neurri-handitzea da lehenbizi aipatu duguna; hedapen potentziala, berriz, saiakuntza-unean hazteagatik geratuko litzaiokeen diferentziala.

Nola saihets daitezke hezetasunagatiko hedapenak zeramika-adreiluetan dituen eragin kaltegarriak?

  1. Ez erabili zeramika-produkturik ez badira 45 egun pasatu egosi zirenetik.
  2. Piezak obran jaso ondoren, hainbat alditan ureztatu, eta ureztapen batetik besterako tartean lehortzen utzi.
  3. Kare-zementuzko mortero bat erabili, kare-proportzio handiarekin, juntura-berdintze malguagoa izan dadin.
  4. Materiala probatu, edo, gutxienez, fabrikatzaileak emandako hezetasunagatiko hedapenaren datua ezagutu.
  5. Fabriketan, mugimendu-junturak erabili, bereziki ertzetan edo bazterretan.

Nola identifikatu daiteke hezetasunagatiko hedapena zeramika-adreiluetan?

  1. Fabrikako horma-atal handietan gertatzen da.
  2. Ertzetan ere erraz agertu ohi da.
  3. Besteak beste, fabrikaren egite-data, haren orientazioa, mortero-mota eta datu klimatikoak (euri-eguzki denboraldiak) jakitea oso lagungarri izaten da.
  4. Obrak urtebetetik gora baldin badu, ez da gertatu ohi.
  5. Kalteak pitzadura bertikalen edo horizontalen gisakoak izaten dira, eta, noizean behin, konkortu egiten da fabrika.
  6. Pitzadura horietako batzuk aktibo geratzen dira, eta dilatazio termikoko juntura gisa jarduten dute.

Eraikalek aipatua du lehendik albiste honen iturri den webgunea: Webgunea: patologia eta diagnosia eraikuntzan Kanpoko esteka.

Iturria: Patologías y Diagnóstico en construcción Kanpoko esteka, 2012/10/18

VN:F [1.9.20_1166]
Rating: 0.0/5 (0 votes cast)
Compartir/Konpartitu:
  • Print
  • Digg
  • StumbleUpon
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Yahoo! Buzz
  • Twitter
  • Google Bookmarks
  • LinkedIn
  • RSS
This entry was posted in Kalitate-kontrola obretan and tagged , , . Bookmark the permalink.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *