Bioteknologia eta arkitektura elkarri lotuta

Sevillako Arkitektura eskolako Out_Arquías Kanpoko esteka ikerketa-taldeko Eduardo Mayoral Gonzálezen Kanpoko esteka artikulua.

Artikulu horretan Out_Arquías taldearen lan-lerroak aztertzen ditu, eta bere doktore-tesia laburtzen du: arkitektura biosintetikoak. Bizirik dagoena eta ez dagoena, eta haien arteko hibridazioa ekintza arkitektonikorako estrategia gisa, mende-aldaketan.

Ikerketa-lanak hainbat bioteknologia-diziplinak (genetikak, medikuntza birsortzaileak, bioarteak eta abar) duten lan egiteko modu jakin batzuk hartu eta diseinu arktikektonikoaren esparruan txertatzen ditu, diseinatzeko eta ekoizteko modu berriak aztertzeko. Horretarako, arlo horretako panorama aurkeztu du, gai hori lantzen ari diren zenbait pentsalari eta profesional aipatu ditu, hainbat diseinuren zirriborroa egin du eta hiru kasu zehatzekin saiakuntzak egiten ditu. Lehen kasuan, % 100 organikoa den materialarekin lan egiten du. Material horrek isolatzaile termiko gisa funtzionatzen du eta egiturazko ezaugarri jakin batzuk ditu. Bigarrenean, mikroorganismo biolumineszenteak erabiltzen dira elektrizitatea kontsumitu gabe argia igortzen duten gailuak diseinatzeko, eta, hirugarrenean, bakterio-populazioak erabili dira egitura pikortsuen zementaziorako.

Aipatzen dituen prototipoetan lehenak egitura koherente organikoak dira, isolatzeko gaitasuna dutenak, eta nekazaritzako hondakin mota jakinetatik eta onddo-hazi mota jakinetatik sortutakoak. Materiala fabrikatzeko, moldeak nekazaritzako hondakinekin (zur-txirbilak, adarrak, lastoa, hazi-oskolak eta abar) betetzen dira eta onddo-espezie jakinen haziak botatzen dira. Onddoak hondakinen gainean hazten dira eta mizelioa eratzen dute. Mizelio horrek konglomeratzaile gisa jokatzen du. Materialaren dentsitatea, porositatea eta gainerako ezaugarriak aldatu egiten dira hautatu den onddo-espeziearen eta erabilitako nekazaritza-hondakin motaren arabera. Hala, ezaugarri generiko jakin batzuen barruan, bakoitzaren neurrira egindako material bat eskuratu daiteke. Sortzen den materiala ez da osasunarentzat kaltegarria. Guztiz biodegradagarria da, eta, haren bizi erabilgarria amaitzean, lurzoruak elikatzeko ere erabil daiteke. Material hori egokia da eraikinetarako panel isolatzaileak eraikitzeko, egun erabiltzen diren apar-panelak (petroliotik eratorritakoak) ordezkatzeko, bilgarri-babesgarri gisa, altzari publiko gisa edo lorategi bertikalen euskarri gisa balio dezaketen geometria modular metagarrietarako, edo horma eta fatxadetarako prototipo modular gisa. Azken horien bidez, gainera, etxebizitza-unitate biodegradagarriak eraikitzeko aukera egon daiteke.

Mizelioa. Mizelioz egindako panel isolatzailea (Eduardo Mayoral, 2011)

Garatzen ari diren bigarren prototipo-mota elektrizitatea kontsumitu gabe argia igortzen duten gailuak dira. Hori lortzeko, alga zelulabakarren eta bakterio biolumineszenteen populazioak erabiltzen dira. Mikroorganismo horiek erabili nahi dira ingurunea argitzeko, argiztapen publikorako, ingurune naturalak argiztatzeko, eta informazio-pantailak eta publizitate-kartelak konfiguratzeko. Kasu honetan, ikerketaren helburua da mikroorganismo biolumineszenteen populazioak hazteko eta mantentzeko kondiziorik onenak lortzea. Horrez gain, populazio horiek ezartzeko geometriak diseinatu nahi dira, baita mikroorganismoek haien barruan izango duten jarduera erregulatzeko behar diren mekanismoak ere.

Bakterio biolumineszenteak. Bakterio biolumineszenteen populazioen hazkuntza-inguruneak (Eduardo Mayoral, 2010)

Hirugarren prototipoa, duela gutxi garatzen hasia, kaltzita jalkitzen duten bakterio-populazioak erabiliz egitura pikortsuak zementatzean datza. Teknika hori erabil daiteke adreiluak fabrikatzeko, lurzoruak egonkortzeko eta trinkotzeko, monumentuak eta hormigoian ager daitezkeen arrakalak birgaitzeko eta errepideak eta bestelako egiturak eraikitzeko. Kasu honetan, bakterio-populazio jakin batzuek duten adimen kolektiboa kontrolatu nahi da kaltzita egitura pikortsuetan jalki dezaten, eta, hala, haien hazkuntza-kondizioak eta garapena ikertu, egitura hareatsuetan nahiz hormigoian. Ikerketaren helburua da bakterio-populazio horiek egitura-mota horietan txertatzeko modurik onenak aurkitzea eta bakterioak ahalik eta denbora gehien bizirik izateko modua aurkitzea, zementazio- eta trinkotze-prozesu egokia ziurtatzeko. Azken prototipo-multzo horien barruan sartzen da “Autokonpontzeko gai den biozimendua” albistea Kanpoko esteka.

Ladrillocoarena. Hareaz eta bakterio zementatzailez sorturiko adreilua (Ginger Dosier)

Eraikalen bioteknologiarekin eta biomimetikarekin erlazionatutako hainbat berri jaso dira:

Iturria: La Ciudad Viva Kanpoko esteka, 2012/11/22

VN:F [1.9.20_1166]
Rating: 0.0/5 (0 votes cast)
Compartir/Konpartitu:
  • Print
  • Digg
  • StumbleUpon
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Yahoo! Buzz
  • Twitter
  • Google Bookmarks
  • LinkedIn
  • RSS
This entry was posted in Doktore Tesiak, I+D Proiektuak and tagged , , . Bookmark the permalink.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *