Morteroaren egoera kaskarragatik birgaitutako adreiluzko fabrikak

Fabrika zaharretan aurkitu ohi den patologiarik ohikoena heltze-morteroak adreiluei itsasteko eta lotzeko gaitasunik ez izateagatik izan dezakeen egora txarra da; zenbait kasutan, harea bihurtzeko egoeran egoten da mortero hori. Oro har, adreiluak ez du erresistentzia baxuaren zantzurik, eta efloreszentziekin eta hezetasunarekin erlazionatutako bestelako patologiekin daude lotuta haren arazoak.

Da Portok (2003) aztertu zuen junturen birgaitze partzialaren teknika, , baina azterketa hartan ez zen finkatu tratamendu horrekin fabriken ahalmen eramailearen areagotzeari buruzko joera orokorrik.

Junturaren birgaitze partzialean, junturetako morteroa kendu egiten da sakonera jakin batera arte, eta erresistentzia-gaitasun handiagoa duen batekin ordezkatzen da. Lan nekeza da, eta birgaitze batean kontserbatu nahi ditugun paramentuetan soilik erabiltzen da. Hala ere, fabriken estetika edertu egiten du, eta gaitasun mekaniko handiagoaz gain, eraso atmosferikoetatik babes handiagoa ematen du, bereziki adreiluak bistan dituzten fabriken kasuan.

Da Portok egindako azterketan, konpresioarekiko % 35 erresistentzia handiagoa lortu zen juntura birgaitu zitzaien fabriketan (birgaitu aurrekoarekin alderatuz). Hala ere, aurretik aipatu dudan bezala, balio hori ezin da estrapolatu egun dauden fabrika zenbatezinetara (eta haien egoera desberdinetara).

Juntura leheneratzeko, prozesu hauek egin behar dira:

  • Morteroa kendu juntura bertikaletatik eta horizontaletatik. Morteroa zenbateko sakoneran kendu, hainbatekoa da lortzen den hobekuntza.. Balio optimotzat har dezakegu hormaren lodieraren 1/3 kentzea alde bakoitzetik. Baina balio hori mugatuz joango da ezaugarri hauen arabera: morteroak sakonera bakoitzean duen egoera, junturen geometria, adreiluaren aparailua, erresistentzia-beharra, eta abar. Lotura gutxiko morteroekin lanean ari garenez, ez da behar adreilua kaltetuko lukeen perkusio-tresnarik.
  • Presiodun airearekin garbitu. Junturetatik hondakinak eta hautsa kentzeko.
  • Mortero berria jarri aurretik paramentuak ur askorekin busti, argamasak hezetasuna gal ez dezan.
  • Morteroa jarri. Fabrikan jatorrian erabilitakoaren antzeko morteroa erabili behar da; oro har, kare hidraulikodun morteroa erabiltzen da. Gehigarrien bidez kolorea eman ahal zaio mortero horri; beraz, fabrikak “berri-itxura” hartzea saihestu dezakegu, tindagai okreak, gorrixkak edo horiak erabilita. Sakoneraren arabera, geruza bat baino gehiago eman daiteke. Geruzen arteko itsasgarritasuna errazteko, aurreko geruza gogortu aurretik aplikatu behar da hurrengo geruza.
  • Garrantzitsua da birgaitze-eremuak faseka egitea, birgaitu beharreko elementuen egonkortasuna arriskuan jarri gabe; batez ere, bi aldeetatik landutako karga-hormen kasuan.

Nola jakin daiteke zenbat handitu den erresistentzia-gaitasuna?

Fabrikaren portaera zenbateraino aldatu den ikusteko, saiakuntza egin behar da laborategian. Adreiluzko fabrikaren saiakuntzarako probarik ohikoena Igeltserotza-fabrikentzako saiakuntza-metodoak UNE-EN 1052-1/1999 arauaren 1. zatian (konpresioarekiko erresistentzia zehaztea Kanpoko esteka) dago jasota. Hala ere, 1552 arau orokorraren ataletan ere finkatzen dira flexio, ebakuntza, zizailadura eta erauzketarako saiakuntza-metodoak ere. Arau hori ere erabilgarria izan daiteke, fabrikak dituen eskaeren arabera.

Tratamendua aplikatu baino lehen eta ondoren hormaren lagin batean edo gehiagotan saiakuntzak egiten badira, erresistentzia zenbateraino areagotu den zenbatestera iritsiko gara.

Kasu praktikoetan, erresistentzia % 42 areagotzea lortu da morteroa oso egoera kaxkarrean zuten hormetan, bi aldeetan ¼ baino handiagoko eta 1/3 baino txikiagoko lodierako tratamendua egin den kasuan, eta estaldurarekin batera egin denean (juntura gogortu ez baina beharrezko trinkotasuna duenean lohituta, eta ondoren luzituta).

Fabrikaren disgregazioa dela eta hormaren lagin osoak lortu ezin direnean, azken kondizioetara hurbilketa bat egiteko, horma bera berregin daiteke juntura aurreikusi den bezala birgaituta, eta jatorrizko morteroaren ordez okerrago bat, harea edo jatorrizko mortero disgregatua aplikatuta, adreiluaren eta birgaitze-morteroaren artean sartuta gera dadin.

Iturria: Patologías y Diagnóstico en construcción Kanpoko esteka,2012/10/18

VN:F [1.9.20_1166]
Rating: 0.0/5 (0 votes cast)
Compartir/Konpartitu:
  • Print
  • Digg
  • StumbleUpon
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Yahoo! Buzz
  • Twitter
  • Google Bookmarks
  • LinkedIn
  • RSS
This entry was posted in Arauak, Kalitate-kontrola obretan and tagged , , . Bookmark the permalink.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *