ANERRek eraikin baten birgaitze energetikoaren proiektu erreal eta erakusgarri bat jarri du abian Madrilen

Birgaitze- eta berritze-enpresen elkarte nazionalak (Asociación Nacional de Empresas de Rehabilitación y Reformas, ANERR Kanpoko esteka) PREI proiektua Kanpoko esteka ( Piloto de Rehabilitación Energética Integral) jarri du abian. Horren bidez hau lortu nahi du:

  • Eraikin baten birgaitze osoan energia-eraginkortasuna zenbateraino alda daitekeen eta horren muga zein den jakitea.
  • Birgaitzearen kalitatea plangintzan nahiz gauzatzean ebaluatzeko eta kuantifikatzeko metodo bat garatzea.
  • Dagoeneko badauden irtenbideak eta teknologiak erabiltzea, eta horien erakusgarri eta proba-banku gisa erabiltzea.
  • Kontsumoa murrizten dela eta erabiltzailearen erosotasuna areagotzen dela egiaztatzea.
  • Egindakoen bideragarritasun ekonomikoa ebaluatzea: birgaitzearen kostuak eta horren ondoren sortutako aurrezpenak kuantifikatzea, eta inbertitutakoa berreskuratzeko zenbat denbora behar den jakitea.

Hori guztia kasu erreal baten bidez ez teorikoki soilik. Dagoeneko eginda dagoen eraikin baten birgaitze energetiko oso bat da, eta birgaitzearen helburua da kontsumoa asko jaistea, % 80tik gorako jaitsiera. Oro har, sektoreari eta publikoari erakutsi nahi zaio birgaitze energetikoak dituen aukerak, eskura dauden produktu eta irtenbideak, eta halakoetan inbertitzeak dakartzan aurrezpena eta erosotasunaren hobekuntza.

Birgaituko den eraikinak hiru solairu ditu: erabilera komertzialerako beheko solairua (ibilgailuen tailer bat dago orain), bi etxebizitza-solairu eta solairu estalia (bertara sartzeko eta igarotzeko modukoa). Iparraldera eta mendebaldera begira ditu bi fatxada. 1960. hamarkadako ohiko etxebizitza-bloke bat da, eta Madrilgo Fuencarral auzoan dago (D3 IV eremu klimatikoan). Eraikuntza-mota horrek isolamendurik gabeko itxitura du. Instalazioek ez dute kontrol-sistemarik eta pizteko eta itzaltzeko funtzioa dute. Klimatizazio- eta hozte-instalazioak ditu; instalazio horiek ez zeuden hasieratik eraikinean, gerora jarri dira. Eraikinak goiko solairuetan etxebizitzak eta behean erabilera komertziala izateari esker, sistema osagarriak ere proba daitezke. Etxebizitza-mota hori oso zabalduta dago, eta, beraz, proba pilotu oso esanguratsua izango da.

Birgaitze integrala egin behar da, eta hobetu daitezkeen puntu eta elementu guztiei aurre egingo zaie ia energiarik kontsumitzen ez duen eraikin bat lortzeko, egoera tekniko oso okerra duen eraikinetik abiatuta. Eraikinaren energia eraginkortasuna areagotu eta energia-kontsumoa murrizteko irtenbide-multzoa garatzea proposatu da.

Proiektuaren arloak:

  • Energia-ikuskapena.
    • Energia-eraginkortasunaren azterketa zehatza eta monitorizazioa.
    • Emaitzen analisia eta ebaluazio ekonomikoa.
    • Kalifikazio energetikoa eta ziurtagiriak.
  • Jarduera-eremuak. Proposatutako jarduerak. Gauzatzea.
    • Inguratzailea
    • Instalazio termikoak
    • Instalazio elektrikoa
    • Instalazio hidraulikoak
    • Domotika eta kontrola
    • Berriztagarriak
  • Komunikazioa: ANERRek ahal bezainbeste hedatuko du proiektua. Bestetik, parte-hartzaile guztiei beharrezko material eta datu tekniko guztiak emango zaizkie haiek ere horren berri eman dezaten. Egindako eta instalatutako irtenbideen eta jardueren erakusleiho bihurtuko dira eraikina eta bere instalazioak.

Parte hartzeko baldintzak

Proiektuaren helburuarekin identifikatuta eta konprometituta dagoen edozein produktu-fabrikatzailek edo hornitzailek aurkez dezake parte hartzeko bere proposamena anerr@anerr.es helbidera mezu elektroniko bat bidalita. ANERRen batzorde teknikoak haien balorazio tekniko bat egingo du, gainerako ekintzekiko duen egokitasuna eta moldagarritasuna zehazteko. Horren arabera parte hartuko du, edo ez, proiektuan bere proposamenarekin.

Proposamenak 2012ko abenduaren 10a arte jasoko dira. Balorazioa urte amaiera baino lehen egingo da, eta obra 2013ko urtarrilean hasiko da.

Iturria: Ecoconstrucción Kanpoko esteka, 2012/11/23

VN:F [1.9.20_1166]
Rating: 0.0/5 (0 votes cast)
Compartir/Konpartitu:
  • Print
  • Digg
  • StumbleUpon
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Yahoo! Buzz
  • Twitter
  • Google Bookmarks
  • LinkedIn
  • RSS
This entry was posted in Eraginkortasun energetikoa, Proiektuak and tagged , . Bookmark the permalink.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *