PDEHUa: hiri-habitataren energia-diagnostikorako programa

La Casa que Ahorra fundazioak hiri-habitataren energia-diagnostikorako programa (PDEHU) abiarazi zuen, hiritarrak informatzeko eta haien kontzientzia pizteko etxebizitza-parkearen eraginkortasun ezak dakartzan energia- eta ingurumen-arazoei buruz, bai eta arazo horiek aukera bikainean bihurtzeko neurri eraginkorrenei buruz ere.

La Casa que Ahorra fundazioak energia-diagnostikoak egingo ditu hainbat udaletan era jarraituan. Horrek aukera emango dio gure eraikinetako energia-arazo ohikoenak planteatzeko, lortutako emaitzak hiritarrei jakinarazteko eta haiengan kontzientziazio eta sentsibilizazio handiagoa sortzeko.

Bost udalerrik egingo dituzte azterlan aitzindariak eraikinetan energia aurrezteko: Arahal (Sevilla), Granollers (Bartzelona), Madril, Santander eta Segovia hautatu dituzte eraikinetako eta etxebizitzetako energia-eraginkortasunari buruzko azterketak egiteko, La Casa que Ahorra fundazioak eta Espainiako udalerrien eta probintzien federazioak (FEMP) babestutako PDEHU egitasmoaren barruan. Besteak beste, konparazio-diagnostikoak eta ikuskaritzak egitea aurreikusten dute; eta, zenbait kasutan, beharrezkoa izango da bizilagunen lankidetza.

FEMPek eta La Casa que Ahorra fundazioak sinatutako lankidetzarako esparru-hitzarmenaren ondorio da ekimena, eta eraikuntza-sektorean energia-eraginkortasunak duen garrantziaren inguruan eta ekonomia- eta energia-aurrezpenak ekarri ahal dituen onuren inguruan gizartea sentsibilizatzea du helburu.

Energia-eraginkortasuneko azterketak hautatutako udalerri bakoitzeko hirigune batean egingo dira; horretarako, fatxada-termografiak eta beharrezkotzat jotzen den beste edonolako diagnostiko-tresna osagarri erabiliko dira. Emaitzak jendarteratu egingo dira; hartara, udalerriko biztanleek ezagutu dezakete zer-nolako garrantzia duten etxebizitzetako energia-galerek eta zer neurrik gutxituko lituzketen galera horiek nabarmenki.

Diagnostikorako jarduerak

Bi jarduera-mota aurreikusten dira egitasmoan: udalerriek konparazio-diagnostikoak nahiz energia-ikuskaritzak egiteko aukera izango dute.

Lehenengoak eraikin ez-eraginkorren eta “arrazoizko” antolaketa eraginkorra duten eraikinen arteko desberdintasunak erakusten ditu kualitatiboki. Horretarako, teknikoek fatxada- eta estalki-termografiak egingo dituzte eta datuak hartuko eraikin berrienetan —Eraikuntza Kode Teknikoa indarrean sartu ondoren eraikiak izan diren horietan— eta zaharragoetan —energia-eraginkortasunari buruzko irizpiderik jarraitu gabe eraikiak izan direnak—.

Energia-ikuskaritza harago doa; izan ere, saiatzen da inguratzaileak eragindako galerek ekarritako energia-eraginkortasunaren arazoak aurkitzen, eta, orobat, jarduteko proposamenak prestatzen. Fatxada- eta estalki-termografiak aurreikusteaz gain, energia-simulazioak eta zenbait etxebizitzen monitorizazioa ere sartzen dira jarduera horretan; horretarako, etxebizitza barneko konfort-baldintzak neurtuko dituzten sentsore termikoak instalatuko dira. Era berean, itxituren osaerari buruzko informaziorik ez dagoenean, etxebizitzetako kontsumo-historiak eta eroankortasun-saiakerak egitea aurreikusten da.

Konparazio-diagnostikoa baino ikerlan zehatzagoa da energia-ikuskaritza; hala ere, bizilagun-kopuru handiagoari eragiten dio, eta bizilagunen parte-hartzea handiagoa izan behar du, zenbait jarduerek etxebizitzara sartzea eskatzen baitute.

Bost udalerrietan gauzatutako jardueren jarraipena egiteko aukera dago:

Egitasmoaren emaitzak CONAMA 2012 Kanpoko esteka Ingurumenerako Biltzar Nazionalaren esparruan aurkeztu dira.

Bideo honetan aurkezpenaren laburpena ikus daiteke.

Iturriak: Espainiako Udalerrien eta Probintzien Federazioa Kanpoko esteka eta La Casa que Ahorra fundazioa Kanpoko esteka.

VN:F [1.9.20_1166]
Rating: 0.0/5 (0 votes cast)
Compartir/Konpartitu:
  • Print
  • Digg
  • StumbleUpon
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Yahoo! Buzz
  • Twitter
  • Google Bookmarks
  • LinkedIn
  • RSS
This entry was posted in Eraginkortasun energetikoa, I+D Proiektuak and tagged , , . Bookmark the permalink.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *