Paper-hondakinekin egindako adreiluak

Jaéngo Unibertsitateko ikertzaileek paper-industriak sortzen dituen hondakinak eraikuntzan erabiltzen den material zeramikoan txertatu ditu. Emaitza: eroankortasun termiko txikiko adreiluak. Isolatzaile onak dira, beraz, nahiz eta oraindik haien erresistentzia mekanikoa hobetu beharrekoa den.

“Paper-industriaren hondakinak erabiltzeak onura ekonomikoa eta ingurumenekoa ekar ditzake, hondakin gisa hartzen den material bat lehengai gisa erabiltzeko aukera ematen baitu”. Hori da Linareseko Goi Eskola Politeknikoko (Jaéngo Unibertsitatea) ikertzaileek egindako azterketaren ondorioetako bat. Fuel Processing Technology aldizkarian argitaratu da ikerketa.

Paper-fabrika batek (paper birziklatua ekoizten duen fabrika bat, kasu honetan) sortzen dituen zelulosa-hondakinak eta haren hondakin-urak araztetik sortutako lohiak jaso zituzten zientzialariek. Ondoren, material horiek eraikuntzan erabiltzen den buztinarekin nahastu zituzten, makinekin egindako presioaren eta estrusioaren bidez forma eman eta adreiluak sortu zituzten laborategian bertan.

“Hondakinak gehituta, azken produktuak eroankortasun termiko txikia du, eta, beraz, isolatzaile egokia da”, esan du Carmen Martínez Jaéngo Unibertsitateko ikertzaileak. “Gainera, adreilu horiek erabiltzeak onurak dakartza, ohiko lehengaiekin egindakoen aldean”.

Adreilu-prototipoei hondakinak gehitzearen beste abantaila bat da energia ematen dietela, materia organikoa dutelako. Horrek lagundu egin dezake adreiluak ekoizteko behar den erregai-kantitatea txikitzen eta egoste-denbora laburtzen.

Oraingoz, prototipoak txikiak dira (3 x 1 x 6 cm), baina taldeak handiagoekin probak egin ditu eta antzeko emaitzak lortu ditu. “Oro har, teknika honi esker energia eta lehengaiak aurreztu ahal izango dituzte adreilu-fabrikek; gainera, ingurumenerako onurak lortuko dira, orain bota egiten diren hondakin batzuei balioa emango zaielako”, dio Martínezek.

Hala ere, ikertzaileak onartzen du adreilu hauek puntu ahul bat dutela: erresistentzia mekaniko txikiagoa dute ohiko adreiluekin alderatuz gero. Hala ere, parametro hori legeak finkatutako gutxieneko balioetatik gora dago. Horrez gain, atxikitze- eta konformazio-arazo batzuk ebazteke daude, oraindik, paper-hondakinen proportzio handia duten piezetan.

Taldeak lanean jarraitzen du materialaren jasangarritasunaren eta erresistentziaren arteko oreka-puntua lortzeko. Bestalde, beste produktu batzuk txertatzearen abantailak ikertzen ari dira; esaterako, araztegietako lohiak edo garagardoaren, oliba-olioaren edo biodieselaren industriak sortzen dituzten hondakinak.

Fuel Processing Technology aldizkarian bertan, ikertzaileek beste artikulu bat argitaratu dute, zeinean berresten baitute biodiesela egitean sortzen diren hondakinak adreiluak ekoizteko erabil daitezkeela. hala, eraikuntza-material horren isolamendu-gaitasuna % 40 igotzen da.

Sinc-en (Servicio de información y noticias científicas Kanpoko esteka) duzue berri horri buruzko bideo bat.

Eraikalen hareazko adreilu iraunkorrei buruz Kanpoko esteka argitaratu zen albistean, hareaz eta CO2-a injektatuz ekoizten diren adreiluez gain, bestelako “adreilu ekologikoak” ere aipatzen dira: algekin eta artilearekin, hargintzako material birziklatuekin (% 50) eta beira birziklatuekin (% 30) egindakoak, eta lohi txertatua duen beste bat.

Eraikuntza-sektorean paper birziklatua erabiltzeari dagokionez, Eraikalen berri hau argitaratu zen: Europako “Innobite (INNOvative BIocomposiTEs) proiektua: gari-lastoan eta paper birziklatuan oinarritutako biokonposite berriak eraikuntzarako” Kanpoko esteka.

Erreferentzia bibliografikoa:

Carmen Martínez, Teresa Cotes, Francisco A. Corpas. Recovering wastes from the paper industry: Development of ceramic materials Kanpoko esteka. D. Eliche-Quesada, S. Martínez-Martínez, L. Pérez-Villarejo, F. J. Iglesias-Godino, C. Martínez-García, F.A. Corpas-Iglesias. «Valorization of biodiesel production residues in making porous clay brick» Kanpoko esteka. Fuel ProcessingTechnology 103, 2012ko azaroa. Doi: 10.1016/j.fuproc.2011.10.017 eta 10.1016/j.fuproc.2011.11.013.

Iturria: La Flecha Kanpoko esteka eta Sinc, Servicio de información y noticias científicas Kanpoko esteka, 2012/12/10

VN:F [1.9.20_1166]
Rating: 0.0/5 (0 votes cast)
Compartir/Konpartitu:
  • Print
  • Digg
  • StumbleUpon
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Yahoo! Buzz
  • Twitter
  • Google Bookmarks
  • LinkedIn
  • RSS
This entry was posted in Artikuluak, I+D Proiektuak, Produktu berriak and tagged , . Bookmark the permalink.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *