Hamabost eraikin modular egin dira New Yorken

New Yorkeko biltegi txiki batean, arotzez, argiketariz eta ingeniariz osatutako talde txiki batek hainbat hilabetez lan egin du tutu-formako altzairuzko xasisak guztiz hornitutako apartamentu bihurtzen dituen muntatze-sistema bat egiteko. Apartamentu horiek bata bestearen gainean jar daitezke eta elkarrekin lotu, eraiki behar diren tokian bertan.

Abenduaren 18an hasiko dira egiten munduko eraikin aurrefabrikatu edo modularrik altuena, 32 solairuko apartamentu-dorrea, New Yorken. Hala esan du Bruce C. Ratner-ek, Forest City Ratner-en Kanpoko esteka zuzendari exekutiboak. Atlantic Yards-en (New York) aurreikusitako 15 eraikin modularretatik lehena da, eta 4,9 mila milioi dolar kostatuko da, guztira. Eraikinetako batzuek 50 solairuko altuera izango dute.

Ratner jaunak eta haren bazkideek diotenez, proiektuak funtzionatzen badu, industria berri baten aitzindari izango da.

Mende-erdi batez saiatu dira eraikitzaileak garaiera handiko etxebizitza-eraikin modularrak egiten. Izan ere, halako eraikinekin eraikuntza-kostuak nabarmen txikitzen dira, denbora gutxiagoan egiten dira, kalitatea hobeagoa da, eta hondakin gutxiago sortzen da.

Familia bakarreko etxebizitza aurrefabrikatuak, kartzela aurrefabrikatuak eta gela aurrefabrikatuak eraiki dituzte diseinatzaileek. Hala ere, orain arte, ez dira gai izan haizearen indarra eta indar sismikoak jasan ditzaketen dorre altuak diseinatzeko.

Ratner jaunak “kodea argitzen” badu (hala dio berak), eraikuntza merkeagoa lor daiteke edo, besterik ez bada, diseinatzailearentzat onura handiagoak.

“Ingeniaritza izan da gakoa”, esan zuen Tom Hardimanek, Eraikuntza Modularreko Institutuko (Modular Building Institute Kanpoko esteka) zuzendari exekutiboak. Eraikuntza modularraren industriako elkarte komertzial bat da Institutua. “Garatzaile batek ere ez du jarri Ratnerrek jarri duen beste denbora eta diru ingeniaritza horretan”.

Gaur egun, munduan dagoen eraikin modularrik altuena (25 solairuko etxebizitza-eraikin bat) Britainia Handian dago. AEBn, eraikin modularrek gutxitan gainditzen dute 10 solairuko altuera. Izan ere, altzairuzko errefortzuak oso garestiak dira.

New Yorkeko fabrikako 125 langileek 930 modulu —14 oineko zabalera, 35 oineko luzera eta 10 oineko altuera izan ohi dute— ekoitzi dituzte, eta zoruak, hormak, linea elektrikoak, iturgintza-instalazioak, sukaldeak, komunak, kanpoko fatxada…, baita toalla-euskarriak ere badituzte moduluek.

“Hau berrikuntza baino gehiago da”, esan zuen Mary Anne Gilmartinek, Forest City Ratner-eko presidenteorde exekutiboak. “Irisgarritasun handiagoa, jasangarritasun handiagoa eta mundu-mailako arkitektura bermatzeko teknologia aurreratuagoa erabiltzeko aukera ematen digun kodea argitu dugu”.

Mary Anne Gilmartinek esan zuen eraikuntza modularra egokia dela diruz lagundutako etxebizitzetarako nahiz luxuzkoetarako. Forest Cityk dio, berriz, espero duela beste hiri-eraikitzaile batzuek ere teknologia hori erabiltzea. Konpainiaren ustez, ospitaleak eta bestelako erakundeak eraikitzeko alorrean ere badago merkatua.

Askotariko moduluek (forma ezberdinetakoak), beirak eta kanpoan jarriko diren koloretako panelek eraikinaren masa apurtu egiten dute, Legoz egindako dorrearen itxura har ez dezan.

Moduluak banaka jartzen dira kamioietan, eta eraikina egiten ari den tokira, milia bateko distantziara, eramaten dira. Garabiaren gidariak osagai bakoitza bere tokian jartzen du, eta, aldi berean, altzairuzko tiranteak ipintzen dira, alboetako euskarri gisa.

“Eraikuntza modularrak kalitate handiagoa, eraikuntza berdeagoa, entrega-denbora laburragoa eta kostuen gutxitzea dakarte”, dio Thomas Hanrahanek, Brooklyngo Pratt Institutuko arkitektura-eskolako dekanoak. “Baina, aurrezpen hori iristen al zaio, nolabait, herritarrari?”, galdetzen du.

Ratner jauna 2010eko atzeraldi ekonomikoan hasi zen aztertzen eraikuntza modularra, langile-sindikatuari agindutakoa errealitate bihurtzeko asmoz, hau da, arkitektura ona egitea eta proposatutako 6.430 unitateetatik % 30, gutxienez, diru-sarrera txikiak edo ertainak dituztenei bideratzea (lehen eraikuntzako 363 apartamentuetatik, erdia familia txiroentzat eta langile-klasekoentzat izango da.).

Frank Gehry arkitektoaren ordez ShoPArchitects Kanpoko esteka aukeratu zuten, eta ARUPeko ingeniariekin lan egin zuen, eraikin altu baterako sistema modular bat lantzen. Forest Cityk New Jerseyko modulu-eraikitzaile batekin (Kullman Offsite Construction) lan egin zuen, eta, harremana eten arren, Ratner jaunak Kullmaneko goi mailako exekutiboen talde bat kontratatu zuen.

Altuera handiko eraikin modularrak ekoizteko irtenbidea, alde batetik, ordenagailu bidez hiru dimentsioko ereduak sortzeko gaitasuna lortu zenean agertu zen. Horien bidez, ingeniaritza oso-osorik aztertzeko aukera izan zuten, ShoPArchitects-eko Christopher Sharplesek adierazi zuenez.

Lanen % 60 fabrikan egingo da. Forest Cityk uste du eraikuntza-kostuen ia % 20 aurreztea lortuko duela, eta entrega-epea 28 hilabetetik 18ra murriztea.

Forest Cityko Gilmartin andreak ohartarazi zuen lehen dorrea ez dela izango ohiko dorre bat baino askoz merkeagoa, baina eraginkortasun handiagoa egon beharko lukeela egiten den eraikin bakoitzean.

Garatzaileak New Yorkeko Bancoderen finantzazio-konpromisoa eskuratu zuen, eta elkarte bat sortu zuen Skanska Kanpoko esteka konpainia suediarrarekin. Forest Cityk eta Skanskak FC + Skanska Modular konpainia osatu zuten fabrika abian jartzeko. Skanska izendatu zuten bazkide eragile eta obra-zuzendari.

Iragan astean, Ratner jaunak aurrehitzarmen bat lortu du hiriko eraikuntzako sindikatuekin. Proiektua konbentzionala izatea nahi zuten sindikatuek. Hala balitz, arotz batek orduko 85 dolar irabaziko lituzke, soldata eta gehigarriak batuta.

Gary La Barberak (eraikuntzako sindikatuetako kontseiluko presidentea) onartu du sindikatuek azken urteetan boterea galdu dutela sindikaturik gabeko etxebizitza-kontratisten aldean, eta etxebizitza merkeen arloan ez zegoela apenas sindikaturik.

Hitzarmen berri horrekin, fabrikako langile sindikatuek urtean 55.000 dolar irabaziko luketela urtean, eraikuntzako langile sindikatu batek irabaziko lukeena baino % 25 gutxiago. Hala ere, abantailarik handiena da fabrikako langileak ordutegi finkoarekin lan egingo dutela urte osoan zehar, eguraldia edozein dela ere.

“Orain arte lan egin ez dugun merkatuetan sartzeko aukeratzat ikusten dugu hau”, esan zuen La Barbera jaunak. “Industria agertu berriei ezin diegu ez ikusiarena egin. Etxebizitzen eraikuntzan lanpostu gehiago sortzeko aukera gisa ikusten dugu”.

Berriaren iturrian eskuragai dagoen bideo honetan Kanpoko esteka ikusten da eraikuntzaren muntaketa-prozesua.

“Espainiako teknologiaz egindako etxe aurrefabrikatuen proiektuak Venezuelan eta AEBn” Kanpoko esteka berriak dio Lionel Scharly arkitekto iparramerikarrak Compact Habit sistema modularra New Yorken deitutako mikroapartamentu-lehiaketarako prestatu duen egitasmoan erabili duela.

Eraikalek berri hau jaso zen: Txinako BSB (Broad Sustainable Buildings) enpresa prest dago 210 egunean munduko eraikinik altuena eraikitzeko, aurrefabrikatutako eraikuntza-sistema baten bidez Kanpoko esteka; edo 90 egunean aurrez fabrikatutako eraikuntza-sistema baten bidez Kanpoko esteka.

Iturria: New York Times Kanpoko esteka, 2012/11/27

VN:F [1.9.20_1166]
Rating: 0.0/5 (0 votes cast)
Compartir/Konpartitu:
  • Print
  • Digg
  • StumbleUpon
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Yahoo! Buzz
  • Twitter
  • Google Bookmarks
  • LinkedIn
  • RSS
This entry was posted in Industrializazioa and tagged , . Bookmark the permalink.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *