Bizilagunen erkidegoko etxeko teknikariaren irudia

Artikulu honetan, eraikinen mantentze-lanetarako etxeko teknikariaren irudia jasotzen da. Teknikariak erkidegoko administratzailearekin lan egingo luke.

Artikulu hau Francisco Rey Muñozek Kanpoko esteka idatzi zuen 2012ko abenduaren 26an (asteazkena) Tecnifican Kanpoko esteka. On line plataforma hori Espainiako geografia osora zabaltzen da, eta haren helburua da eraikuntza-sektoreko profesional tituludunak (aparejadoreak, arkitekto teknikoak eta eraikuntzako ingeniariak, adibidez) talde horren laguntza edo zerbitzuak behar dituen jendearekin edo erakundeekin harremanetan jartzea.

Nire erkidegoko etxeko teknikaria aurkeztuko dizuet. 

Nire erkidegoak lau eraikin ditu. Zaharra da, ia 45 urte baititu. Egun batean, etxeko teknikari bat kontratatzea erabaki genuen erkidegoaren batzordean, denboraren poderioz eraikinak higatu egiten direlako, mantentze-lanak beharrezkoak direlako, garaiz egindako konponketa batek matxura handi bat saihestu dezakeelako eta udalaren aurrean gure erkidegoa zaintzearen legezko erantzuleak garelako. 

Duela hiru urte kontratatu genuen, eta ordutik nabaritu dugu erkidegoko obren eta mantentze-lanen kostuak murriztu egin direla pixkanaka, eta, gainera, obrek eta lanek denbora gutxiago irauten dutela, eta ia ez dietela eragozpenik eragiten bizilagunei. Desagertu egin dira ia bat-bateko derramen ikarak, bai baitakigu noiz konpondu edo ordeztu behar dugun gure instalazio komuneko elementuetako bakoitza, eta aurretiaz jakiten baitugu zer kostu izango duen. 

Arkitekto teknikoa da, eta elkargoko kidea. Esperientzia handia du obraburu moduan hainbat eraikuntza-enpresatan. Eraikin ofizialen mantentze-lanen kontratuak kudeatzen ere egin zuen lan enpresa batean. 

Askotan ikusten dut, hilean behin edo bitan bai gutxienez, oharren koadernoa, metroa eta argazki-kamera eskuetan, atarietan, eskaileretan, kontagailuen eta igogailuaren gelan eta garajeetan, eta beti, beti, argiketaria, iturgina edo galdaraz arduratzen dena agertzen da egun gutxiren buruan. 

Pixkanaka-pixkanaka, atezainaren edo jabeen argibideei esker, instalazio guztiak, hodien eta kableen bideak, erabili diren materialak jasotzen dituen txosten orokorra egin du. Plano batzuetan jaso du guztia, eta, txostenarekin batera, eskuragarri ditugu. Esku-hartzeren bat egiten den aldiro, planoetan eta txosten orokorrean jasotzen da. 

Gurekin daramatzan hiru urteetan, hobetu egin ditu erkidegoaren instalazio elektrikoaren eta galdararen mantentze-lanen prezioak eta zerbitzuak. Kasu guztietan, mantentze-lanen enpresa serioak lortu ditugu, zerbitzua 24 orduetan ematen dutenak. Gauez matxura serioren bat dagoenean, nahikoa da erkidegoko lehendakariari deitzea iturgina edo argiketaria etor dadin. 

Egiten den lan txiki bakoitzeko, txosten bat prestatzen digu: egin denaren laburpena, izan duen kostua, eta argazkiak, lehen nola zegoen eta nola gelditu den jasotzen dutenak. Erkidego bakoitzaren iragarki-taulan jartzen da txosten hori, baina norbaitek kopiaren bat nahi badu, posta elektronikoz eskatu besterik ez du. 

Duela nahiko denbora gutxi, obra garrantzitsu bat egin behar izan genuen. Lau atarietako zorua konpondu eta zabaltzak iragazgaiztu behar ziren, hezetasun-arazoak sortu baitzituzten azken solairuetan. 

Gure etxeko teknikaria lau erkidegoetako lehendakariekin bildu zen, eta mankomunitatearen beharren zerrenda egin zuten guztien artean. Obrak behar zituen lan guztien zerrenda prestatu, eta mankomunitateko obra-batzordeari eman zion. 

Obra-batzordea arduratu zen zenbait aurrekontu eskatzeaz, eta aurrekontuen konparazio-azterketa egin zuen gure etxeko teknikariak. Aurrekontuko zenbait gauza aldatu, eta beste aurrekontu bat eskatu zitzaien enpresei. Azkenean, aurrekontuen konparazio-azterketaren txostena izanik, aurrekontuetako bat onartu zen. 

Etxeko teknikaria arduratu zen udalari obra-baimena eskatzeko beharrezkoak ziren dokumentu guztiak prestatu, erregistroan aurkeztu eta udal-teknikarien eskaerei erantzuteaz. Ez guk, ez erkidegoetako lehendakariek ez genuen zertan kezkatu. 

Baimena jasota, enpresari deitu eta haiekin lan guztiak koordinatzeaz arduratu zen. Egunero igotzen zen zabaltzeetara, lanak nola zihoazen ikustera. Onartutako aurrekontuarekin amaitu zen lana, eta, hasieran esan dudan moduan, ia ez ginen ohartu ere egin. 

Erkidegoko administratzailea bera ere pozago dago, lan handia kendu diogula eta. 

Gure erkidegoan etxeko teknikari bat dugunetik lortu duguna laburbildu nahi izan dizuet. Izan ziur: ongi inbertitutako dirua da, eta berehala ematen ditu interesak.

VN:F [1.9.20_1166]
Rating: 0.0/5 (0 votes cast)
Compartir/Konpartitu:
  • Print
  • Digg
  • StumbleUpon
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Yahoo! Buzz
  • Twitter
  • Google Bookmarks
  • LinkedIn
  • RSS
This entry was posted in Hausnarketak, Zerbitzu berriak and tagged . Bookmark the permalink.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *