Eraikuntzaren, birgaitzearen eta zaharberritzeen sektoreko Arabako hamabi enpresak, zeinek esperientzia baitute hainbat arlotan (besteak beste, arkitekturan, zurgintzan, pinturan, isolamenduetan eta elektrizitatean), Kontrola enpresa-ekimen pribatua sortu dute. Ekimen horrek besteengandik bereizi nahi du, eta, horretarako, jardunbide egokien kode batean oinarrituta lan egiteko modu bat eskaintzen diote merkatuari.
Erakundeko presidente Teo Cidek aurkezpenean azaldu zuenez, “kalitatea, profesionaltasuna, berrikuntza eta gizarte-erantzukizuna dira Kontrolaren balioak”, eta hartu duten jardunbide egokien kodean jaso eta bermatzen da hori guztia. “Kontrola erantzun bikoitz gisa jaio da —esan zuen Cidek—: gaur egungo egoera ekonomikoak intrusismoa bultzatu du, eta, horrekin batera, sektore guztiari min eman dioten jardunbide desegokiak. Hori dela eta, erreferentzia izan nahi dugu, kontsumitzaileak kontratatzen gaituenean jakin dezan kode etiko zorrotz bati jarraikiz jokatzen dugula eta horrek egin litekeen lanik onena bermatzen diola”.
Elkarte berri horren helburu nagusia da, haren presidenteak adierazi zuenez, “irregularki edo jardunbide desegokiekin esku hartzen dutenen aldean legezkotasunez, zintzotasunez eta kaudimenez jokatzen duten enpresen eta profesionalen izen ona berrezartzea”.
Konpromiso horren haritik, Kontrola osatzen duten enpresek esperientzia profesional handia eta “kaudimen tekniko aintzatetsia” dute, Teo Cidek azaldu zuenez. Une honetan, enpresa hauek dira Kontrola elkarteko kide: Carpintería Aimar; BigMat Apaolaza; Aluvitel, Carpintería de Aluminio; Pinturas Cromar; Impermeabilizaciones y Aislamientos Impercantabrico; Innowall, Innovación en Fachadas; Invitec, Innovación en Vidrio Técnico; Talleres Eléctricos Jolma; Talleres Quintana, Estructuras y Carpintería Metálica; Sakon Gestión y Dirección de Obras; Mesanza Arquitectos eta Revestimientos Zaymo.
“Kontrola martxan jartzeak kalitatea eta profesionaltasuna bermatzen ditu, araudiak ezarritakoa baino askoz handiagoak —ziurtatu zuen Cidek—. Ondo egindako lana kontratatuko duten segurtasuna emango die Kontrolak kontsumitzaileei, gure erantzukizuna ez baita proiektu bukatuarekin amaitzen, bezeroaren asebetetzearekin baizik”.
EAEn, ez da sektoreko enpresa-elkarteen lehenengo ekimena; eraikuntzaren sektoreko enpresa-elkarteez gain (Ascobi-bieba , Ascongi-Adegi
eta Uneca
) eta Euskadiko Eraikuntza Clusterraz gain (Eraikune
), ekimen hauek aipatu dira Eraikalen:
- Arabako eraikuntzaren sektoreko hainbat enpresa elkartu egin dira sektorearen lehiakortasuna hobetzeko
.
- Unika-k eta Inbisa-k aliantza hitzartu dute merkatu-kuota irabazteko
berrian, Activa
eta Kemen Group
aliantzak ere aipatzen dira.
Iturria: Europapress , 2013/01/24