Michael Green arkitektoak zurezko egitura duen 30 mailako eraikin bat (Tall Wood) proiektatu du Vancouver-erako (Kanada). Green-ek, gainera, proiektuaren memoria partekatu du, ikerketaren xehetasunak eta diseinuaren emaitzak erakusteko. Hori guztia esteka honetan dago: Tall Wood dokumentua .
Green-en motibazioaren oinarrian, eraikin arrunt baten materialak eskuratzeko behar den energia-kantitate handia dago. Kanadako basoak ongi kudeatuz gero, material ugari sor dezakete, isurketarik gabekoa, gure hiriak eraikitzeko. Tall Wood 30 mailako eraikin bat bada ere, arkitektoaren arabera, maila gehiago izan ditzake aurrerantzean egingo dituzten azterketen arabera.
Eraikuntzaren egitura nagusia zur ijetzizko habeez eginda dago, altzairuz eginda egon beharrean. Egitura horiek suarekiko oso erresistenteak dira; are gehiago, altzairuak baino askoz hobeto erreakzionatzen dute. Sua badago, kanpoaldean geruza ikaztua sortzen da, eta geruza horrek barneko zura babesten du. Puntu ahula, kasu horretan, lotune metalikoetan dago.
Green-ek garatutako dokumentua oso lagungarria da zalantzarik gabe zurezko eraikuntza berriak eraikitzeko garaian; batez ere, kontuan hartuta Vancouver-ek, beste hiri askok bezala, mugimendu telurikoak pairatzen dituela.
Badirudi azkenaldian lehia dagoela zurezko eraikuntzarik altuena nork eraikiko. Eraikalen argitaratutako berri honetan, «Hamalau solairuko zurezko eraikina, Milanen» , titulukoaz gain zurezko eraikinak Austrian eta Milanen ere aipatzen ziren.
Iturria: Plataforma Arquitectura , 2012/03/12