Albistearen iturrian, “zero ur” helburua lortzeko AEBko zenbait ekimen deskribatzen dira (Seattle-ko eskola, AEBko armada, Miamiko Unibertsitatea); udalerriko ur- eta estolderia-saretik atera dira, eta beren instalazioetan edateko ura eta hondakin-urak birziklatu eta berrerabili dituzte.
Eraikal blogean, Energia-hidroeraginkortasunari buruzko gida (2012) jaso da, zeinaren helburua baita ur-kontsumoa murrizten laguntzeko tresna bat izatea.
EAEko eraikuntza jasangarriko balio-kateko eragileen gaitasunen azterketa egiteko inkestan -Berrikuntza-dinamika Euskadiko Eraikuntza Jasangarrirako- , EAEn aurkitutako gabezia izan da ur grisak tratatzeko produktuak egitea eta banatzea.
Badira energia/ura binomioan oinarritutako beste produktu batzuk ere; esaterako, edateko ura sortzen duten aerosorgailuak . Teknologia hori Eole Water
enpresak garatu du. 30 kWeko turbinak sistema osoa hartzen du. Airea aerosorgailuaren sudurretik sartzen da, eta, barruan dagoela, lurrundu arte berotzen da. Lurruna konpresore batetik igarotzen da, eta kondentsatu egiten du. Kondentsazio horretatik lortzen den ura altzairu herdoilgaitzeko ur-tanga batera eramaten da, eta iragazi eta araztu egiten da. Lehen prototipoa Abu Dhabin jarri zen 2011ko urrian, eta ordutik 500-800 litro edateko ur ematen ditu egunean basamortuko airea erabiliz. Eole Water enpresak dio egunean 1.000 litro ekoitz litezkeela aerosorgailua dorre garaiago batean jarriz gero. Sistema horrek 24 km/h-ko abiadurako haizeak edo bizkorragoak daudenean funtzionatzen du. Teknologia horrek prozesu sinple eta oso ezaguna erabiltzen du, askotariko diseinuetan erabilia; hala ere, hau da aerosorgailu batekin ura sortzen den lehen aldia. Garapen horren bidez, edateko ura lor liteke horretarako aukerarik ez dagoen lekuetan; adibidez, eremu urrunetan edo hondamendi naturalen bat izan duten eremuetan. Eole enpresak dagoeneko 12 industria-bazkide ditu turbinak eraikitzen laguntzeko.
Iturria: Red Verde webgunea , 2012/04/18