Txostena: Energia-eraginkortasunari buruzko politikak Txinan: egoera-txostena

Dokumentuaren jatorrizko titulua: Building Energy Efficiency Policies in China: Status Report Kanpoko esteka.

Eraikinen energia-eraginkortasunari buruz Txinako jardunbide egokienekin ikasitako lezioak jasotzen ditu txostenak. Nazioartean plazaratu den mota horretako lehen txostena da, eta Txinan eraikuntzan erabili diren energia-politiken azterketen laburpen osoa ematen du ingelesez.

Hauek argitaratu dute txostena aldi berean: eraikinen errendimenduaren inguruko munduko sarea (Global Buildings Performance Network, GBPN), Energia Jasangarriari buruzko Txinako Programa (China Sustainable Energy Program, CSEP) eta Energian Eraginkorra den Ekonomia baten aldeko Amerikar Batzordea (American Council for an Energy-Efficient Economy, ACEEE).

Zenbatetsi denez, Txinan, guztira bi mila milioi metro karratuko azalerako eraikin berriak eraikitzen dira urtean. 2010ean zeuden eraikin guztien azalera osoa berrogeita zortzi mila milioi metro karratukoa zen. Aurrekaririk ez duen eraikuntzaren gorakadaren testuinguru horretan, txosten berri honek aukera bikaina eskaintzen du Txinan eraikuntzan energia-eraginkortasunaren inguruan dauden jardunbide egokienak ikasteko.

“Zenbait urtetan CSEPren finantziazioarekin egin diren eraikuntza-energiari buruzko azterketa eta txostenak biltzen ditu txosten honek, eta jakintza-hutsune handia betetzen du. Izan ere, nazioartean eskatzen diren oinarrizko datuak dakartza eta Txinako energia-eraginkortasuneko politikei buruzko ikuspegi berezia eskaintzen du” azaldu du Peter Graham doktoreak, GBPNren zuzendari exekutiboak.

“Urteetan, eta hizkuntzak sortzen duen hesiaren ondorioz, desoreka handia dago Txinako eraikuntza-bolumenaren eta herrialde horrek energia-politiken eraikuntzari buruz nazioartean dagoen eztabaidan duen ahotsaren artean” dio Kevin Mo doktoreak, Txinako CSEPren Eraikuntzen Programako zuzendariak. “Pozik gaude GBPN eta ACEEErekin elkartzeaz, hala CSEPren kontzesionarioek eta bazkideek sortutako informazio-kantitate handia aprobetxatu ahal izango baita. Azken horiek dira, hain zuzen, Txinan estatu mailan eta tokiko mailan aplikatzen den politikaren ikertzaile nagusiak. Txosten horrek erraztu egiten du nazioarteko jardunbide egokiak trukatzea”.

Txinako eraikuntza-politikako bost alderdi garrantzitsu aztertzen dira txostenean: eraikuntzaren energia-errendimendua, eraikin berrietarako eta dagoeneko badaudenetarako energia-eraginkortasuneko politikak sortzea, eraikinetan energia berriztagarriak aplikatzea eta landa-eraikinen erabilera energetikoa.

Txostenean, Txinako arrakasta-kasu jakinen adibideak azaltzen dira, guztiak nazioartean ezagutzen ez direnak. “Txinako gobernu zentralak arauak era irmo eta koherentean babesten ditu, eraikin berrietarako politika integralen multzoak finkatzeko” dio Shui Bin doktorearen txostenak —txostenaren egileetako bat eta ACEEE-ko ikertzaile seniorra da doktorea—.

Eraikuntzarako energiaren kode-sistema bat, eraikuntzan eta ebaluazioan energia-eraginkortasuna etiketatzeko sistema eta eraikin berrien energia-eraginkortasuna hobetzeko eraikin berdeak etiketatzeko sistema garatu ditu Txinak. Dagoeneko eraikita dauden eraikinen kasuan, eraikin publikoei, etxebizitzei, gobernuko eraikinei, ikastetxeei eta unibertsitateei zuzendutako energia-eraginkortasuneko politikak eta jardunbideak jasotzen ditu txostenak, eta barruan hartzen du Txina iparraldean berokuntza-sistemaren birgaitzea eta energia-eraginkortasunera moldatzea ere, eskualde hartako etxeetan berokuntza-behar gehiago baitago.

“Aurrerapena nabarmena izan den arren, zailtasun handiak daude gainditzeke” esan du Shui Bin doktoreak, “besteak beste, eraikuntzaren energia-kontsumoaren igoera, energia-eraikuntzaren kodeak eguneratzea, interesa duten aldeek gaitasun handiagoko eraikinak eraikitzeko beharra eta landa-eremuetako eraikinetan energia-eraginkortasuna sustatzeko erronka izugarria”.

Txostenean, Txinak etorkizunerako dituen joerak deskribatzen dira, eta munduko komunitateari informazio baliotsua eskaintzen dio energetikoki eraginkorrak diren eraikuntzetarako jardunbide egokien inguruan Txinagandik ikas daitekeenari buruz. Halaber, argi erakusten du zein garrantzitsuak diren jardunbide horiek eraikuntza-sektorean berotegi-efektuko gasen emisioak eraginkortasunez saihesteko eta klima-aldaketaren aurka egiten laguntzeko.

Eraikalen, Txinari eta eraikuntza-sektorean duen garapen maila altuari buruz zenbait berri argitaratu dira. Azkena, BSB (Broad Sustainable Buildings) txinatar konpainia prest dago munduko eraikuntzarik altuena 90 egunean eraikitzeko, aurrez fabrikatutako eraikuntza-sistema baten bidez Kanpoko esteka.

Iturria: American Council for an Energy-Efficient Economy Kanpoko esteka, 2012/07/03

VN:F [1.9.20_1166]
Rating: 0.0/5 (0 votes cast)
Compartir/Konpartitu:
  • Print
  • Digg
  • StumbleUpon
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Yahoo! Buzz
  • Twitter
  • Google Bookmarks
  • LinkedIn
  • RSS
This entry was posted in Dokumentuak, eraginkortasun energetikoa, Praktika Onak and tagged . Bookmark the permalink.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *