Hiri-inguruneko kalitaterako eta jasangarritasunerako ikuskaritza-, ziurtapen- edo egiaztapen-sistementzako gida metodologikoan planteatutako ziurtapen-prozesuaren helburua da hirian egindako ekintzak jasangarritasun-irizpideekin aztertzeko prozedura instrumental bat egitea. Metodologia hori 50.000 biztanle baino gehiagoko biztanle dituzten udalerrietako hiri-egituretan aplikatzea proposatzen da. Ez da hartu behar edozein lurraldetan zuzenean aplika daitekeen errezeta gisa.
Gida metodologikoa da, han agertzen baitira behar diren informazio-eskakizunak, haiek kalkulatzeko adierazleak eta urratsak, baita gutxienekotzat edo desiragarritzat hartzen diren erreferentziazko balioak ere.
Erreferentziazko hiri-eredu jasangarria definitzen duen kontzeptu-esparru bat du abiapuntu gidak: hirigintza ekologikoa. Hortik ateratzen dira ziurtapenerako irizpideak. “Iraunkortasunaren liburu zuria Espainiako hirigintza-plangintzan” liburuko jasangarritasun-irizpideak jasotzen ditu eredu honek.
Gidak hirian egiten diren ekintzak zuzentzeko baldintzatzaile jakin batzuk jasotzen ditu adierazleen fitxa gisa. Fitxak bi bloketan banatzen dira: batetik, erreferentziazko adierazleak, garapen-plangintzako ekintzetan ; bestetik, lehendik dauden hiri-egiturak ziurtatzeko prozesuan aplikatu beharreko adierazleak. Bi bloke bereizi dira, egoera desberdinei baitagozkie: ekintza berria eta lehendik dagoen egituraren diagnostikoa. Hala ere, adierazleak zehazteko jasangarritasun-irizpide eta ebaluazio-esparru berak erabiltzen dira, eredu teoriko bera baitute abiapuntu.
- Lehenengo blokeak bi zati ditu: bata, hirian egiten den ekintzaren testuinguruak zer ezaugarri dituen aztertzeko, eta, bestea, ekintza bera aztertzeko. Hala, garapen-plangintzan har daitezkeen jasangarritasun-neurriak kontuan izateaz gain, neurri horiek beren inguruarekin duten lotura ere aztertzen da. Lehenengo atala 30 adierazlek osatzen dute, eta, bigarrena, 44k; beraz, hirian egiten den ekintza berri bat ziurtatzeko prozesua 74 adierazle aztertuz erregulatzen da.
- Bigarren blokea lehendik dauden hiri-egiturak aztertzeari dagokio. Hirien egungo egoeraren diagnostiko sakona egiteko diseinatutako 52 adierazle ditu.
Ez dago adierazle-sistemarik hirien errealitatea zenbakietara murriztu dezakeenik, nahiz eta sistema oso indartsua izan, eta erabilitako metodologia, oso sofistikatua. Hala ere, eman ditzake interpretazio-tresna baliotsuak, erabakiak hartzeko lagungarriak eta hirien konfigurazioa hirigintza-eredu batera bideratu dezaketenak, non hiri jasangarriagoaren eredua osatzen duten piezak globalki bultzatzen dituzten elementu guztiak xehe sartuta baitaude. Hori lortu nahi du gidak dakarren adierazleen ebaluazio-sistemak. Horren azken xedea litzateke ziurtapen-entitateak ziurtagiri bat igortzea eta berariazko antolaketa-proposamenari edo ziurtatua izango den hiri-sistemaren kudeatzaile publikoari ziurtagiri bat ematea.
Albistearen iturrian dago dokumentua.
Eraikalen, Energetikoki eraginkorra den hiri-planeamenduaren gida argitaratu da.
Iturria: Agencia de la Ecología Urbana de Barcelona , 2012/10/24