Croxley Construcciones eraikuntza-enpresaren negozio-eredua

Crosxley Construcciones Kanpoko esteka Bartzelonako eraikuntza-enpresak balio-analisian oinarritutako eraikuntza adimenduna izenez ezagutzen den negozio-eredua garatu du. Proiektuaren eragileen artean lankidetza-giroa sortzean datza, bezeroaren beharren programa oinarritzat hartuta. Balio-proposamen hori amaierako bezeroari nahiz proiektuaren egilea den arkitektoari zuzendua dago, eta haien artean erlazionatutako hiru planteamendutan laburbiltzen da:

  • Bezeroarekin kontratu garden bat egiteko proposamena, bere helburu ekonomikoa eta beharren programa Croxley Construcciones-enarekin lerrokatzen duena, eta Coxley Construcciones-ek bezeroaren kontura aldea handitzeko tentazioa saihesten duena. Gehienezko Prezio Bermatua (GPB) edo Cost Plus Incentive Fee (CPIF) motako kontratua proposatzen dute. Hor, hasierako helburu-kostutik abiatuta (kostu zuzenak + kostu ez-zuzenak + ustekabekoak), konpromisoa hartzen dute prezio hori murrizteko, edo, gutxienez, bermatzeko. Horren truke, ordainsari finkoak eta obraren amaierako kostua murrizten saiatzeko pizgarri bat eskatzen dute. Kontratu-mota horrek behartu egiten ditu obraren benetako kostuen inguruan gardentasunez jokatzera, eta konfiantzazko harremana hondatu gabe aldaketak bere gain hartzera.
  • Eraikin baten ideia hasieratik integratu beharreko AECO (Architecture, Engineering, Construction&Owner) proiektu bateratu gisa hartzea, espezialitateak zatitzea eta berriz diseinatzea saihesteko. Proiektuaren talde integratua (PTI) eratzen dute arkitektura-, egitura- eta instalazio-diseinatzaileekin, proiektuburuarekin, obrako buruarekin eta jabearekin. PTIaren koordinazioa bermatzeko, BIM (Building Information Modeling) tresnak erabiltzen dituzte.
  • Proiektuak kudeatzean, eraikuntza industrialeko printzipioetan oinarrituta egiten da, lan-fluxuak orekatzeko eta hondakinak erauzteko (Lean Management). Eraikuntzarako espezifikoa den arlokako plangintza erabiltzen dute, eta, hala, gauzatze-denbora nabarmen murrizten da —PERT/CPM/GANTT motako plangintzekin alderatuz gero—, eta obraren kontrol handiagoa eta hobea bermatzen da.

Ez da ingeniaritza-aholkularitza bat. Eraikuntza-enpresa bat da, kontratista orokorra (KO), eta proiektuaren arrisku ekonomikoa bere gain hartzeko ziurtagiriak ditu. Baina, aldi berean, eta haien balio-proposamenaren zati gisa, metodoak eta denborak definitzen dituzte eta eragile guztien lana planifikatzen eta jarraitzen dute.

Prezio finkokoak izan ohi dira sektoreko kontraturik ohikoenak, “giltza eskura” motakoak eta horren eratorriak. Kontratu-mota hori ez da egokia eraikin bakarrak eraikitzeko proiektuetarako, zeinean diseinua ez den ingeniaritzarekin eta eraikuntzarekin bateratu eta ziurgabetasuna beti handia den. Kontratu horiek irabazi-galdu egoera sortzen dute kontratistaren eta sustatzailearen artean, eta iluntasuna eta konfiantza eza eragiten dute proiektuaren eragileen artean.

Croxley Construccionesek, berriz, Gehienezko Prezio Bermatua (GPB) motako kontratua proposatzen du. Gardentasunean oinarrituta dago, eta proiektuaren eragileen helburu ekonomikoak lerrokatzen ditu. Hala, Croxleyk gehienezko prezio bat bermatzen du, eta bezeroarentzako arriskua mugatu. Kontratu-mota hori erabil daiteke Croxley-k proiektuan hasiera-hasieratik parte hartzen duenean (eraikuntza aurreko bere zerbitzua eskainiz, edo Croxley-ri gauzatze-proiektua esleituta), diseinu-taldeak haiek gainbegiratzen dituztenean, eta proiektua integratzeko hitzarmena sinatzen eta errespetatzen dutenean.

Proiektuan hasierako faseetan sartzeko aukerarik ez badute, Cost-Plus-Incentive-Fee edo Pizgarridun Cost Plus motako kontratua proposatzen dute. Kontratu-mota hori ere gardentasunean dago oinarrituta, eta Croxley Construcciones-i pizgarria ematen dio proiektuaren kostuak murrizten saiatzeagatik, inoiz ez handitzeagatik. Horri esker, errentagarriagoa da proiektuaren kostua murriztea handitzea baino.

Proiektuen garapenean eraginkortasun eza eragiten duten iturrietako bat da eraikuntza-irtenbideak berriro diseinatu behar izatea, proiektuaren helburu ekonomikoa desbideratu delako. Crosxley Construcciones-en lanaren zati handi bat da diseinu-taldearen (arkitektoak, ingeniariak eta abar) eta eraikuntza-taldearen (fabrikatzaileak, instalatzaileak, ofizioak eta abar) arteko informazio-trukea azkarra eta arina izatea, onargarriak ez diren irtenbideak berehala alde batera uzteko eta proiektua era harmonikoan eta azkar hazteko.

Proiektuaren talde integratua (PTI) jabeak, arkitektura-, egitura- eta instalazio-diseinatzaileek eta Croxley-k osatzen dute. Proiektuaren integrazio-hitzarmen batean oinarritzen da. Hitzarmen horretan definitzen da eragile bakoitzaren kokapena, eta lankidetza-sistema ireki, garden eta arina finkatzen da. Azpikontratatzeko garaian, talde horrek bere gain hartzen ditu kontratazio-mahaiaren funtzioak. Horrek argitasuna eta eraginkortasuna ekartzen die esleipenei, eta arbitrariotasunetik kanpo geratzen dira.

Honelakoa da probatu duten lan egiteko modua:

  1. Oinarrizko proiektutik eta memoriatik abiatuta, proiektuaren irismena definitzen da, eraiki aurreko zerbitzua eskaintzen dute —zeinak diseinuak duen eraikitzeko aukerak ziurtatzea duen helburu—, eta hasierako kostuaren helburua da azken emaitza. Bezeroak edo arkitektoak hala behar izanez gero, gauzatze-proiektuaren idazketa ere sar daiteke eraiki aurreko zerbitzuan.
  2. Eraiki aurreko fasean eratzen da PTIa, eta hasierako helburu-kostua betetzen duen proiektua lortzea du helburu nagusia. Talde horren barruan, Croxley Construcciones-ek obra planifikatu, kontratazio-paketeak banatu eta hornitzaileen lehiaketara ateratzen ditu, haien datu-basea eta zenbatespenak ere erabiliz.
  3. Hornitzaileen nahikoa erantzun dituztenean, kontratuaren aurrekontua (KA) berresteko moduan egongo dira. Hor, ustekabekoetarako ehuneko bat (edo buffer ekonomikoa) sartzen da, eta gauzatze-epea definitzen da, haren denbora-bufferrarekin.
  4. Azpikontratazio-prozesua amaitzen dute: Proiektuaren talde integratuak (kontratazio-mahai gisa ere jokatzen duenak) erabakitzen du nork irabazi duen esleipen bakoitza. Obra kontratatzen dute, bezeroarentzako eta arkitektoentzako gardentasun osoz.
  5. Obra egiten ari diren bitartean, taldeak kostuari eta epeari buruzko informazio argia jasotzen du: inbertsioa babesten duen ustekabekoen bufferrari eta emate-data babesten duten denbora-bufferrei buruzko informazioa dute.
  6. Obra amaitutakoan kostua KA baino txikiagoa bada, negoziatzekoa den proportzio batean banatzen da jabearen, Croxley-ren eta diseinu-taldearen artean. Ohiko kasu bat 60/30/10 proportzioa litzateke, hau da, aurrezpenaren % 60 bezeroak jasotzen du, % 30 Croxley-ren ordainsariak igotzeko da eta % 10 diseinatzaileen ordainsariak igotzeko.

Croxley Construcciones-en zeregin nagusia da bezeroaren arriskua behar bezala kudeatzea eta bere inbertsioa babestea, eta horregatik egiten dute kostuen gardentasunean oinarritutako proposamen hau.

Halaber, bezeroaren enkargua jaso duen arkitektoaren beharrak ezagutzen dituzte. Haien nahia da arkitektoak haien eraikuntza-ingeniaritza zerbitzu gisa hartzea, eta bere proiektua babesteko modurik onena dela irizten dute.

Croxley Construcciones-en negozio-ereduak eta enpresa-egiturak berak ere azaltzen dute zergatik egin dezaketen proposamen hori:

  • Croxley-n ez dute proiektuarekin erlazionatutako kostu zuzenik; kontratista orokor gisa, guztia azpikontratatzen dute. Ez dute produktu bat edo beste bat erosteko interesik, ezta industrial bat edo bestea azpikontratatzeko ere (hala ere, badute hornitzaileen ziurtatze-prozesu bat, haietan konfiantza izan dezakegula bermatzen diguna).
  • Langileek kudeaketarako behar duten denboraren araberakoa da kostua. Erabilitako orduen arabera kalkulatzen da, ez gauzatze-kostuaren ehuneko gisa, eta prozesu-ingeniaritza estali behar du, obraren arintasuna bermatzeko.
  • Nahiago dute ordainsaria jaso irabazien zati ilun bat jaso baino. Haien proposamenean, irabazien zati bat bezeroarentzat da, eta bezeroak ez du kalterik izaten aldaketak edo zehaztasunak gertatzen badira.
  • Egitura horri esker, beren ordainsariak babesten dituen eta bezeroaren kostuak murrizteko lan egitera bideratzen dituen hitzarmen bat finkatzen dute, eta, gainera, bezeroarekin partekatzen dute obra garatzen ari dela sortzen diren irabazien aldea.

Horren emaitza da proiektuaren kostua murriztu egiten dela, eta aurrezpenak ziurtatuak daude; proiektuaren ezaugarrien arabera, hasierako aurrekontuarekiko % 3,5 eta % 10 bitartekoak izan ohi dira aurrezpen horiek, eta, gainera, gehienezko kostu bat bermatzen dio bezeroari hasiera-hasieratik.

Iturria: Construmatic Kanpoko esteka, 2012/11/26

VN:F [1.9.20_1166]
Rating: 0.0/5 (0 votes cast)
Compartir/Konpartitu:
  • Print
  • Digg
  • StumbleUpon
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Yahoo! Buzz
  • Twitter
  • Google Bookmarks
  • LinkedIn
  • RSS
This entry was posted in Enpresa informazioa, Hausnarketak, Zerbitzu berriak and tagged , . Bookmark the permalink.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *