GTR 2012 txostena. Herrialde-ikuspegia Espainiako eraikuntza-sektorerako. Etxebizitza-sektore berrirako ekintza-plana

Herrialde-ikuspegia Espainiako eraikuntza-sektorerako. Etxebizitza-sektore berri baterako ibilbide-orria txostenean (ISSUU formatuan Kanpoko esteka edo pdf formatuan Kanpoko esteka) ondorioztatu denez, 2050era bitartean 10 milioi etxebizitzaren birgaitze sakona eginez —haien berokuntza-gastuak % 80 murrizteko eta ur beroaren beharraren % 60 estaltzeko— 130.000 lanpostu berri sor daitezke 2020. urtea bitarteko lehen fasean.

Horretarako, urtean funts publikoetatik eta pribatuetatik 5.000-10.000 milioi euroko inbertsioa egin behar da, une korapilatsua bizi dugun garaian. Hala ere, kopuru hori (2005-2020 tarterako Azpiegituren eta Garraioaren Plan Estrategikorako onartutakoa baino askoz txikiagoa) orekatu egingo litzateke neurri horien bidez lortzen diren energia-aurrezpenekin eta saihestutako CO2-emisioekin.

Zenbat denbora beharko da inbertsioa berreskuratzeko?

Txosten berri horren egileak diren Albert Cuchí Kataluniako Unibertsitateko irakasle eta Green Building Council España-ren trebakuntza arduradunak eta Peter Sweatman ClimateStrategy&Partners-eko zuzendari nagusiak diotenez, Espainian etxebizitza bat birgaitzeko jabeek egin beharreko inbertsioa hurrengo 20 urteetan energia-fakturan ordaintzeari utziko dioten kopuruaren berdina da (eta erosotasuna berehala hobetzen da, gainera).

Halaber, estatuko ekonomiak hasiera-hasieratik izango ditu itzulkinak. “Estatuak diru-sarrera gehiago izango ditu BEZari esker, langile askoren langabezia-ordainsaria ordaintzeari utziko dio, PFEZagatik diru gehiago bilduko da…” dio Sweatmanek. Haren ustez, Espainiak ezin du jarraitu Europar Batasunak energia-eraginkortasuna hobetzeko ematen dion laguntza aprobetxatu gabe.

Birgaitzeari buruzko Lan Taldeak 2011n aurkeztu zuen lehen txostenaren Kanpoko esteka ondoren, dokumentu berri honek zenbatespen zehatzagoak eta kalitate hobeagokoak ematen ditu, proposatzen duen eredu ekonomikorako 80 parametro gehiago hartzen baititu kontuan. Txostenaren egileek diotenez, “ulergaitza da Espainian birgaitze energetikoa sustatzeari lehentasunik ez ematea”, eta 2013an arlo horretako araudiari dagokionez urrats gehiago emango direla espero dute.

Bigarren txosten horretan, etxebizitza-sektorea birgaitze energetikorantz bideratzeko beharrezkoa den ekintza-plana azaltzen da xehetasunez, aurreikusitako itzulketak nola edo hala berreskuratzen direla ziurtatzeko ezinbestekoak diren mekanismo ekonomikoak barne. Hauek dira mekanismo horietako batzuk:

  • Birgaitzearen epera eta arriskura egokitutako finantzazio-lerroak. Txostenak onartzen du Espainiako finantza-kondizioak asko okertu direla krisia dela eta. Hala ere, oraindik bideragarritzat jotzen ditu Espainiako etxebizitzen birgaitze sakonari zuzenduriko ICOren lerro berriak lortzea, % 5eko kostu finkoarekin eta 20 urteko edo gehiagoko epean. Lerro berri horiek EBren laguntza finantzarioa behar dute energia-eraginkortasuneko helburuak lortzeko eta BEGen emisioak murrizteko.
  • Diru-laguntzak emateko edo birgaitzearen kostuaren % 25 diru-laguntza zuzenez edo tresna fiskalen bidez laguntzeko formulak. Laguntza horiek txikitu egingo dira Etxebizitzaren Sektore Berriaren lehen 10 urteetan, energiaren prezioen bilakaerarekin eta birgaitze-sektorearen barruan lortutako eskala-ekonomiekin.
  • Etxebizitzen berritzean kostuak murrizteko ‘hobekuntza teknologikoko kurba’ bat, urteko -% 1eko tasa nominalaren baliokidea. Txostenean onartzen da etxebizitza baten berritzearen benetako prezioa urteko -% 3ko tasa nominalera murriztuko dela epe luzera; Espainiako KPIak epe luzera urteko % 2ko hazkundea izango duela onartuz gero, -% 1eko tasa nominala lortzen da. Kostuak murriztu egingo direla espero da, eskala-ekonomiengatik, lehiakortasuna areagotzeagatik, kontratazio-prozesuak hobetzeagatik eta salerosketa-gastuengatik. Hala ere, ez da ia murrizketarik egongo lan-kostuetan, ezta lehengaien prezioan ere.
  • Energia-eraginkortasunerako egindako inbertsioak etxebizitzan hobekuntzak egiteko beste inbertsio batzuk egitera bideratzen du 2/1eko proportzioan (energia-eraginkortasuna/beste hobekuntza batzuk). Egiaztatu da etxebizitza bakoitzerako proposatutako eskalan energia-eraginkortasuna hobetzeko (edo beste helburu batzuetarako) egindako esku-hartzeak inbertsio gehigarriak ekartzen dituela etxebizitzaren kalitatea hobetzeko, eta horrek etxebizitzaren balioan ere eragiten du.
  • Aurreztutako energiaren kostuaren % 15aren baliokidea den CO2-emisioen batez besteko balioa. Etxebizitzak energiari dagokionez birgaitzeak inpaktu handia izango du Espainiaren emisio-mailan. Txostenean agertzen denez, etxebizitza bakoitzean egindako berritze energetiko bakoitzeko 50 eta 120 euro bitarteko ekarpena egiten du “CO2-aren balioak” urteko, amortizazio-epean (hots, 20 eta 30 urte bitartean). Egileek onartzen dute balio gehigarri hori ez dela nahikoa egun CO2-ak duen balioarekiko (6-8 euro/tona), baina uste dute prezio hori nabarmen aldatuko dela datozen 20 urteetan. Txostenak, halaber, onartzen du Espainian etxeetako BEG-emisioak murriztea garestiagoa izango dela europar sisteman kredituak erostea baino. Izan ere, kredituen prezioa jaitsi egin da krisia dela eta, eta eskubide gehiegi dago; horrek gehiegizko eskaintza eragin du bigarren fasean. Alderdi horiei dagokienez, etorkizun nahiko oneko irtenbidea izan liteke etxeen energia-eraginkortasunari buruzko ziurtagiri zurien sistema bat, energia-eraginkortasunaren direktiba berria betetzeari lotua.

GTR txostenak (URSAk, La Casa que Ahorra Fundazioak eta European Climate Fundationek babestua) dioenez, etxebizitzen birgaitze energetikoak 18 lanpostu berri sortzen ditu inbertitutako milioi bat euroko. Balio hori Europan eta beste herrialde batzuetan eraikinen birgaitzeak izan duen inpaktuari buruzko 15 azterketaren batezbestekotik kalkulatu da. “Estatu honetan inoiz ez da proposatu eraikuntzen birgaitze energetiko sakonik” dio Cuchík. “Espainian etxebizitza batek 75 kW h/m2 kontsumi ditzake urtean berokuntzan bakarrik; Alemaniako Passivhaus eraginkortasun-estandarrak, berriz, urteko 15 kWh/m2-ra jaisten du balioa” dio arkitektoak. “Espainiako etxebizitzetan energia-kontsumoa % 80 jaits daiteke” dio Cuchík. Horretarako, dioenez, oso garrantzitsua da birgaitze energetiko integralak sustatzea; izan ere, birgaitze txiki sinpleenekin hasiz gero (galdarak aldatzea, adibidez), ondoren zailagoa izango da eraginkortasuna hainbeste hobetzea eta askoz zailagoa izango da inbertsioak berreskuratzea.

Eraikalen “Txostena: Merkatu adimenduna, etxebizitza berriak eta birgaituak: etxebizitzen merkatua eraldatzen (2012)” Kanpoko esteka berrian, birgaitzea sustatuz lanpostuak sortzeari buruzko datuak dituzten beste txosten batzuk aipatzen dira.

Iturria: Observatorio Inmobiliario Kanpoko esteka, 2012/11/28

VN:F [1.9.20_1166]
Rating: 0.0/5 (0 votes cast)
Compartir/Konpartitu:
  • Print
  • Digg
  • StumbleUpon
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Yahoo! Buzz
  • Twitter
  • Google Bookmarks
  • LinkedIn
  • RSS
This entry was posted in Dokumentuak, eraginkortasun energetikoa and tagged , , . Bookmark the permalink.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *