Fatxada “biziak” eraikitzeko hormigoi biologiko bat garatu dute

Eraikinetako erosotasun termikoa hobetzen du material horrek, eta, gainera, atmosferako CO2-kantitatea gutxitzen du, likenei, goroldioei eta beste mikroorganismo batzuei esker.

Kataluniako Unibertsitate Politeknikoko Egituren Teknologiako Taldeak hormigoi biologiko mota bat garatu eta patentatu du, organismo pigmentatuak era naturalean eta azkar hazteko gaitasun duena. Materiala klima mediterraneoan dauden eraikinen fatxadetarako nahiz beste eraikuntza batzuetarako aproposa da, ingurumen-abantailak, abantaila termikoak eta apaingarriak ditu, antzeko beste eraikuntza-irtenbide batzuen aldean.

Zementuzko oinarria duten bi materialetatik abiatutako hormigoi biologiko mota berri bat aztertzen ari dira ikertzaileak. Lehen materiala hormigoi arrunt karbonatatua da (Portland zementuan oinarritua); horrekin, pH-a 8 duen material bat lortzen da. Bigarren materiala magnesio fosfatoa duen zementu batekin (MPC, Magnesium-Phosphate Cement) fabrikatuta dago, konglomeratzaile hidrauliko bat da, apur bat azidoa, eta pH-a jaisteko inolako tratamendurik behar ez duena.

Magnesio fosfatoa duen zementua konpontze-lanetarako material gisa erabili da, bizkor gogortzeko gaitasuna baitu. Gainera, biozementu gisa erabili da medikuntzan eta odontologian. Horrek esan nahi du ez duela beste ingurumen-inpakturik. Bertikalean geruza ugari dituen hormigoi berritzaile honen berritasuna da euskarri biologiko natural gisa jokatzen duela eta organismo bizi jakin batzuk hazteko eta garatzeko egokia dela, zehazki, mikroalga, onddo, liken eta goroldioen familia jakin batzuk.

Ideia patentatu ondoren, hormigoian organismo-mota horiek azkar hazten laguntzeko modurik onena ikertzen ari da taldea. Ikerketaren helburua da kolonizazio-prozesu naturala azkartzea, urtebeteren buruan itxura erakargarria lortzeko. Material berriarekin eraikitako fatxadek denboraren araberako bilakaera bat erakustea izango litzateke beste ideia bat; alegia, urtaroaren arabera kolorez aldatzea eta nagusi diren organismo-familiak ere aldatzea. Eraikuntza-mota horretan, beste landaredi-mota batzuk agertzea saihesten da, haien sustraiek eraikuntza-materiala ez dezaten galarazi.

Hiru material-geruza

Hormigoi biologikoa lortzeko, pH-az gain materialaren harmen biologikoan eragiten duten beste parametro batzuk ere aldatu dira (besteak beste, porotasuna eta gainazaleko zimurdura). Lortutako emaitza geruza anitzeko element bat da, hots, egiturazko geruza bat izateaz gain beste hiru geruza ere badituen panela: lehen geruza iragazgaitza da, egiturazko geruzaren gainean jartzen dena; horri esker, ura ez da egiturazko geruzara igarotzen eta ez du hondatzen. Hurrengoa geruza biologikoa da; horrek kolonizazioa erraztu eta ura barnean pilatzeko aukera emango du. Barneko mikroegitura gisa jokatzen du, hezetasuna gordetzen laguntzen du eta birbideratu egiten du, euri-ura hartzeko eta gordetzeko gaitasuna baitu. Horrenbestez, organismoen garapena errazten du geruza horrek. Azkenik, azken geruza estaldura da; estaldura etena egingo du eta alderantzizko iragazgaizte-funtzioa beteko du. Hau da, euri-ura sartzen utziko du eta ura galtzea saihestuko du; hala, hazkuntza biologikoa nahi den tokira birbideratuko du uraren irteera.

CO2-a gutxitzea

Material berriak hainbat aplikazio ditu eta ingurumen-abantailak eta abantaila termikoak eta estetikoak eskaintzen ditu; hala esan du Bide Eskolako ikertzaile-taldeak (Antonio Aguado da burua, eta Ignacio Segurak eta Sandra Mansok osatzen dute taldea). Ingurumenaren ikuspuntutik, atmosferako CO2-a xurgatzeko eta, beraz, gutxitzeko aukera ematen du estaldura biologikoari esker. Horrez gain, eguzki-erradiazioak hartzeko gaitasuna du, eta, beraz, eraikinen barneko eroankortasun termikoa erregulatzen du, lortutako tenperaturaren arabera. Hormigoi biologikoak, material isolatzaile eta erregulatzaile termiko gisa ez ezik, apaingarri gisa ere funtzionatzen du. Beraz, eraikinen fatxadak edo eraikuntzen gainazala hainbat akabera eta kolorerekin apaintzeko ere balio du. Eremu jakinak kolonizatzeko pentsatuta dago, ez du zertan gainazal osoa estali, eta hainbat kolore daude eskura. Materia-patina bat sortzea da ideia, estaldura biologiko gisa edo pintura “bizi” gisa. Bestalde, lorategi-inguruetan erabiltzeko aukera ematen du, apaingarri gisa eta eraikuntza-elementuak paisaian era jasangarrian sartzeko, eta, hala, eraikinak inguruarekin hobeto ezkontzeko.

Arkitektura-ondarea birgaitzea

Materialak lorategi bertikalaren kontzeptu berria dakar, ez soilik eraikin berrietarako, baita dagoeneko eraikita daudenak birgaitzeko ere. Egungo landare-fatxaden eta lorategi bertikalen sistemek ez bezala, material berrian hazkuntza biologikoa materialean bertan egiten da; horrenbestez, ez du egitura eramaile konplexurik behar, eta hazkuntza biologikoa lortu nahi den fatxadaren eremua hautatzeko aukera ematen du. Landare-fatxaden eta lorategi bertikalen oinarrian mota bateko edo besteko edukiontzietan dagoen lurzorua erabiltzen da, edo substraturik ez duten hazkuntzen bidez, adibidez, laborantza hidroponikoak. Hala ere, eraikuntza-elementuek sistema osagarri konplexuak behar dituzte (material-geruzak), baita metalezko edo plastikozko egiturak ere. Azken horiek karga gehigarriak dituzte berekin, eta, gainera, argitasuna gutxitzen dute eta eraikinaren inguruko espazioa ere murrizten dute. Hormigoi “berde” berriak organismoaren hazkuntza zuzena lortzen da geruza anitzeko multzoaren bidez.

Patentea eta merkaturatzea

Ikerketari esker, Sandra Manso egiten ari den doktore-tesia sortu da. Gaur egun, hazkuntza biologikoaren faseari dagokion kanpaina esperimentala egiten ari dira; UPCk eta Gent-eko Unibertsitateak (Belgika) egingo dute elkarrekin. Antoni Gómez-Bolea Bartzelonako Unibertsitateko Biologia Fakultateko irakaslearen laguntza izan dute ikerketan, zeinak eraikuntza-materialen gaineko hazkuntza biologikoari buruzko ekarpenak egin baititu. Gaur egun, berrikuntza hau patentea eskuratzekotan da, eta Kataluniako ESCOFET 1886 SA enpresak materiala merkaturatzeko interesa erakutsi du —hormigoi arkitektonikoko panelak eta hiri-altzarientzako panelak egiten ditu—.

Eraikalen, zementu eta hormigoi berde edo ekologikoei buruzko hainbat berri jaso dira. Horietako bat, «Zementu berdea: karbono-dioxidoa zementuan biltegiratzea» Kanpoko esteka.

Hau izan da zementuaren eta hormigoiaren inguruko patenteei buruz Eraikalen argitaratu den azken berria: «Autokonpontzeko gai den biozimendua» Kanpoko esteka.

Iturria: El Público Kanpoko esteka, 2012/12/12

VN:F [1.9.20_1166]
Rating: 0.0/5 (0 votes cast)
Compartir/Konpartitu:
  • Print
  • Digg
  • StumbleUpon
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Yahoo! Buzz
  • Twitter
  • Google Bookmarks
  • LinkedIn
  • RSS
This entry was posted in Patenteak, Zerbitzu berriak and tagged , . Bookmark the permalink.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *